Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiako Armadak Azovstal altzairutegiaren aurkako erasoa hasi du Mariupolen
Ukrainako agintarien arabera, mila zibil inguru eta 2.500 soldadu ukrainar daude altzairu fabrikan. Errusiak beste ultimatum bat eman die Mariupolen gelditzen diren militarrei armak entregatu ditzaten.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ukrainako gerra hasi zenetik 55 egun betetzen direnean, tropa errusiarrek Azovstal altzairutegiaren aurkako erasoa hasi dute Mariupolen, dirudienez, ukrainarrek hor duten azken erresistentzia gunea desegiteko. Ukrainako agintarien arabera, mila zibil inguru eta 2.500 soldadu ukrainar daude aipaturiko altzairu fabrikan. Testuinguru horretan, Errusiak beste ultimatum bat eman die Mariupolen gelditzen diren militarrei eguerdia baino lehen armak entregatu ditzaten.
Eduard Basurin Donetskeko Herri Errepublikako buru militarretako batek erasoaren hasiera baieztatu du: "Nik dakidanez, misio horretarako bereziki hautatutako talde batzuk lanean hasi dira, eta Errusiako Federazioa laguntzen ari zaigu bere abiazio eta artilleriarekin".
Basurinen hitzetan, Errusiaren aldeko indarrek Mariupoleko etxebizitza eraikin guztiak kontrolpean hartu dituzte, eta espero du Azovstalen gelditzen diren indar ukrainarrak laster amore ematea.
Asteburuan, Errusiak amore emateko ultimatuma eman zien Mariupolen dauden soldadu ukrainarrei, baina borroka egiten jarraitu zuten. Gaur Errusiak beste ultimatum bat eman die Mariupolen gelditzen diren militarrei armak entregatu ditzaten.
Ukrainako agintariek emandako datuen arabera, mila zibil inguru daude altzairu fabrikan, tartean emakumeak eta haurrak, eta 100.000 biztanle inguru daude hiriko beste eremu batzuetan. Errusiak, berriz, ukatu egin du lantegian zibilak daudela, eta azpimarratu du militarren aurka bakarrik egiten duela eraso.
Errusiak Donbass eskualdeko ofentsiba handia hasi duela baieztatu du bart Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gauero nazioari eskaintzen dion mezuan.
"Indar errusiarrek Donbasseko borroka hasi dute", adierazi zuen Zelenskik. "Berdin dio zenbat militar errusiar ekartzen dituzten bertara. Borrokatzen eta defendatzen jarraituko dugu. Egunero egiten jarraituko dugu. Ez dugu ukrainarra den ezer entregatuko, baina ez dugu gurea ez den beste ezer behar", gaineratu zuen.