Mundua -

madeleine mccannen desagerpena

Maddie kasua: 15 urteko misterioa, amaieratik hurbilago

Gizon alemaniar bat akusatu dute, ustez 2007an Portugalgo hegoaldean gertatutako Madeleine McCannen desagerpenarekin duen loturagatik, desagerpenak 15 urte beteko dituen honetan.

Madeleine McCann 2007an ikusi zuten azkenekoz Algarven. Argazkia: EFE.
Madeleine McCann 2007an ikusi zuten azkenekoz Algarven. Argazkia: EFE.
Madeleine McCann 2007an ikusi zuten azkenekoz Algarven. Argazkia: EFE.

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madeleinne McCann neskato britainiarra Portugalgo hegoaldean desagertu zenetik hamabost urte igaro diren honetan, lusitaniar Justizia kasua ebazteko aurrerapausoak ematen ari da. Izan ere, bahiketaren ustezko egilea identifikatu dute; Christian Brueckner, beste delitu batzuengatik kartzelan dagoen gizona.

Alemaniar autoritateek ontzat eman dute Portugalgo Fiskaltzak Bruecknerren aurka egindako akusazioa. 44 urteko gizona droga trafikoagatik zigorra betetzen ari da Alemanian, eta zenbait bortxaketagatik ikertzen dute orain; 72 urteko emakume estatubatuar batena eta beste gazte batena, tartean.

Haurrak hiru urte zituen bi neba txikiekin lotan zegoen logelatik bahitu zutenean, Praia da Luzeko gune turistiko batean, Algarven. 2007ko maiatzaren 3ko gauean izan zen.

Bruecknerren aurkako susmoak areagotu egin ziren 2017an Portugaletik Alemaniara estraditatu zutenean, Grezian adingabekoen aurkako sexu abusu bat leporatu ondoren.

Zigorraren erdia bete ostean bere herrialdea utzi zuen, baina berriz estraditatu zuten, oraingoan Italiatik, drogekin lotutako beste kasu bat zela eta.

Gainera, Praia da Luzen 72 urteko emakume bat bortxatu izana leporatu zioten, eta 2004an Portugalen emakume irlandar bati egindako ustezko bortxaketa ere ikertzen ari dira. Bere mugimenduen ikerketak telefono mugikorraren arrastoagatik egiaztatu zuenez, McCann familiak ostatu hartu zuen opor gunetik hurbil zegoen, Maddie bahitu zuten gauean.

Bruecknerrek aurrekari penal ugari ditu sexu abusuengatik, eraso fisikoengatik, lapurretengatik eta delitu txikiengatik, zenbait kasutan Portugalen izandako egonaldian zehar gertatutakoak.

Algarven, aldizkako lanak eta hotel zein apartamentuetan egindako lapurretak zituen bizimodu.

Ikerketa luze baten ostean identifikatu dute susmagarria. Faroko Ikerketa eta Akzio Kriminal Sailak eta Polizia Judizialak parte hartu dute horretan, Ingalaterrako eta Alemaniako autoritateekin lankidetzan.

Irismen handiko kasua

Portugalgo Poliziaren noragabeko ikerketak, McCann familiak bultzatutako nazioarteko kanpainek eta kasuak piztu zuen interes mediatiko neurrigabeak, nazioarteko irismeneko kasu bilakatu zuten Madeleinen desagerpena.

Bruecknerren gaineko susmoak agertu aurretik, Portugalgo Poliziak urteak eman zituen emaitzik izan ez zuten eta misterioa elikatu zuten aztarnen atzetik.

Ikerketako arduradunetako batek auzitegietan amaitu zuen: liburu polemiko batean, iradoki zuen txikiaren gurasoek ustekabeko homizidioa egin zutela.

Polizia lusitaniarraren porrot handietako bat bezala gelditu da kasua. 2.000 eginbide baino gehiago eta zonaldean 500 bilaketa pilatu zituen, eta ia hogei susmagarri izan zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak gaur Delituak argazkiak Presoak argazkiak Alemania bideoak Bahiketak bideoak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Desagertutako pertsonak gaur Portugal albisteak Ingalaterra Umeak