Mundua -

Ukrainako gerra

Azovstal altzairutegitik ebakuatutako zibilak Zaporizhiara bidean dira

Igandean, NBEren eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen (CICR) laguntzarekin, Ukrainak 80-100 zibil ebakuatzea lortu zuen Mariupoleko altzairutegitik. Bi hilabetez egon dira han ezkutatuta.

Bi emakume Zaporizhiako errefuxiatuen harrera-zentrora iritsi berri. EFE
Bi emakume Zaporizhiako errefuxiatuen harrera-zentrora iritsi berri. EFE
Bi emakume Zaporizhiako errefuxiatuen harrera-zentrora iritsi berri. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariupoletik 220 bat kilometrora, Zaporizhiako errefuxiatuen harrera-zentroan Azovstal altzairutegian bi hilabetez ezkutatuta egon diren lehen zibilekin konboia noiz iritsiko zain daude udal teknikariak, medikuak eta erakunde humanitarioak.

Ukrainak, NBEren eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen laguntzarekin, 80-100 zibil (batez ere, emakumeak, haurrak eta adinekoak) ebakuatzea lortu zuen igandean. Kievek esan du duela bi hilabete baino gehiago gerra hasi zenetik egin den operaziorik zailena izan dela. 

Konboia igandean atera zen eta gaur Zaporiyara iristea espero da. Bertan "laguntza humanitarioa eta laguntza psikologikoa jasoko dute berehala", Saviano Abreu Nazio Batuen Erakundeko Gai Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoko bozeramaileak adierazi duenez.

Ukrainako agintariek iragarri dute, gainera, konboi horrek geldialdiak egingo dituela Mangush (Donestk eskualdean) eta Lunacharsky  herrietan, Berdiansketik gertu (Mariupoletik ekialdera), bertatik atera nahi duten zibilak jasotzeko.

Ehunka lagunek jarraitzen dute Azovstalen harrapatuta, baina, Petro Andrysuhcenko Mariupoleko alkatearen laguntzaileak Ukrainako telebistan adierazi duenez, Errusiak Azovstal siderurgia-fabrikaren bonbardaketari ekin zion berriro, "zibilak handik ateratzen zituzten autobusak abiatu bezain laster".

Kanpaina militarrak jarraitzen du

Armada errusiarrak ziurtatu du MiG-29 hegazkin urkainar bat bota dutela Sloviansketik gertu, Ukraina ekialdean, Moskuk abiatutako kanpaina militarrak indar handienez jarraitzen duen lekuan.

Errusiako aireko defentsa sistemek hamar drone ukrainar ere eraitsi dituela esan du, bai eta bi Tochka-U ukipen-misil ere Luhansken eta Smerch misil bat Donetsken. 

Gainera, Igor Konashenkov Errusiako Defentsa Ministerioko bozeramaileak esan duenez, Errusiak 38 instalazio militar suntsitu ditu Ukrainan, tartean hiru kohete, artilleria- arma- eta munizio-biltegi ere, baita soldaduak eta ekipamendua biltzeko bederatzi gune ere. 26 ibilgailu blindatu suntsitu dituela esan du eta 160 liratekeela eraso horietan hil diren soldadu ukrainarrak. 

Ukrainak, bere aldetik, nabarmendu du tsaso Beltzean zebiltzan bi patruila-ontzi errusiar suntsitu dituela. Itsasontzi horien aurkako erasoa tripulaziorik gabeko Ukrainako bi hegazkinek egin dute, Valerii Zaluzhny Ukrainako indar armatuen komandante buruak Telegrameko bere kanalean esan duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Eguneko albisteak Albisteak Errefuxiatuak Errusia-Ukraina gerra