Mundua -

AFGANISTAN

Aurpegia estaltzeko agindu diete talibanek emakumeei eta burka erabiltzea gomendatu

Birtutea Sustatzeko eta Bizioa Prebenitzeko Ministerioak zabaldu duen aginduaren arabera, "emakumeek ez badute ezer garrantzitsurik egiteko, hobe etxean geratzen badira".

Gizon bat bi neskari argazkia ateratzen maiatzaren 1ean, Eid al-Fitr jaian. Argazkia: EFE
Gizon bat bi neskari argazkia ateratzen maiatzaren 1ean, Eid al-Fitr jaian. Argazkia: EFE
Afganistango emakumeek aurpegia estali beharko dute derrigor, talibanen aginduz

01:06

AGENTZIA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Talibanen erregimenak agindu berria kaleratu du zigorrak iragarriz etxetik kanpo aurpegia estaltzen ez duten emakumeen kontra. Gainera, burka erabiltzea gomendatu die, 1996tik 2001era talibanen lehen erregimenean derrigorrezko izan zen jantzia, alegia.

Hebatula Ajundzada talibanen buruzagi nagusiak eman du agindua, zuzenean, eta Birtutea Sustatzeko eta Bizioa Prebenitzeko Ministerioak zabaldu du, 'sharia' edo lege islamikoa betetzen dela kontrolatzeko ardura duen erakundeak, alegia. "Afganistango emakumeek % 99k jada erabiltzen dute hijaba. Gainontzekoek ere erabili beharko lukete, ez dago aitzakiarik eurentzat" dio dokumentuak. Bertan zehazten dute 'hijab'arekin gorputz osoa estaltzen duten jantzia esan nahi dutela, eta "burka da aukerarik onena" gehitzen dute.

Ministerioaren bozeramaile batek prentsaurrean adierazi duenez, emakumeek aurpegia estali behar dute publikoan egonez gero; bestela, bere "zaintzaile" gizonezkoek zigorra jaso dezakete, edo kartzelan amaitu, Jaama agentziaren arabera.

Talibanen arabera, horrela jantzita, emakumeek euren "zaintzaile" ez diren gizonekin topo egingo balute, "probokazioak ekidingo lirateke". Senarrak nahiz familiako gizonak bakarrik izaten dira "zaintzaileak".

Agindu berriak ez ditu emakumeak jantzi zehatz bat janztera behartzen baina baten alde egiten du, zehazki, aukera onena delakoan: burka. Testuak gainera, ondokoa dio: "emakumeek ez badute ezer garrantzitsurik egiteko, hobe etxean geratzen badira".

Fundamentalistek boterea eskuratu zutenean, emakume afganiarren eskubideak errespetatuko zituztela esan zuten, nazioartearen onespena lortzeko. Baina, errealitatean, emakumeen egoera talibanen lehen erregimenean bezalakoa da edo horretara doa. Orduan etxean egotera behartu zituzten, ikasteko eta lan egiteko aukera kenduz.

Emakumeen kontrako agindu horietako askoren atzean Birtutea Sustatzeko eta Bizioa Prebenitzeko Ministerioa dago, talibanen lehen erregimenean indarrean jarritako erakundea. AEBen inbasioarekin bertan behera geratu zen eta orain, 20 urte beranduago, berriz ere indarrean sartu da, Emakumearen Ministerioa izandakoaren ordez, hain zuzen ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Giza eskubideak Asia Afganistan