Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Garaipenaren Eguna ospatuko dute gaur Errusian, eta Putinek esango duenak ikusmin handia piztu du
Maiatzaren 9a Sobietar Batasunak Alemania naziaren aurka 1945ean Bigarren Mundu Gerran lortutako garaipenaren urteurrena da. Aurtengoa Ukrainako gerraren testuinguruan egingo da eta litekeena da Mariupoleko garaipena aldarrikatzea Errusiako presidenteak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gaurko egunez urtero egiten duten legez, Garaipenaren Eguna ospatuko dute Errusian, hots, Sobietar Batasunak Alemania naziaren aurka 1945ean Bigarren Mundu Gerran lortutako garaipenaren urteurrena. Aurtengo maiatzaren 9a Ukrainako gerraren testuinguruan egingo da.
Moskuko Plaza Gorrian Vladimir Putinek emango duen hitzaldian jarrita daude begirada guztiak. Ukrainako gerraren testuinguruan ikusmin handia dago Errusiako presidenteak zer esango duen jakiteko.
Zenbaiten ustez, litekeena da Errusiak gerra ofizialki deklaratzea. Orain arte, Errusiak ez du hitz hori erabili nahi izan.
Beste batzuek diote, ordea, Mariupolen lortutako garaipena aldarrikatu dezakeela. Azovstal altzairutegia salbu, Errusiako Armadak aipaturiko hiria kontrolpean du.
Ukrainako lehen ministrordeak Azovstal altzairutegiko zibilen ebakuazioaren amaiera iragarri ondotik, askok uste dute Errusiako Armadak azken erasoa egingo duela inguru horren kontrola bereganatzeko.