Mundua -
Ukrainako gerra
Eraso baten aurrean Suedia eta Finlandia militarki defendatzeko konpromisoa hartu du Erresuma Batuak
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak Suediara eta Finlandiara bidaia egin du, bi herrialdeei babes "irmo eta garbia" emateko.
Agentziak | EiTB Media
Erresuma Batuak Suedia eta Finlandia militarki defendatuko ditu eraso baten aurrean. Aldebiko akordioak sinatu dituzte, nahiz eta bi herrialde nordikoek NATOrekin laster bat egiteko asmoa agertu, Errusiaren mehatxuaren aurrean.
Finlandiako eta Suediako buruzagiek Aliantza Atlantikoarekin bat egiteko eskaera datorren astean aurkezteko helburua dute, Helsingin Sanomat Finlandiako egunkariak jakitera eman duenez.
Egunkariak azaldu du Helsinkiko eta Stockholmeko eskakizunak aldi berean aurrera egiten ari direla; beraz, Aliantza Atlantikoan batera sartzea gerta liteke, Ukrainako gerrak erabat baldintzatutako testuinguruan.
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak Suediara eta Finlandiara bidaia egin du, bi herrialdeei babes "irmo eta garbia" emateko. Horretarako, pare bat akordio sinatu ditu, praktikan, Erresuma Batua esku hartzera beharturik egongo da balizko mehatxu militar baten aurrean.
"Eremu gris" batean dagoen bitartean, Stockholm laguntzearen beharra azpimarratu du Johnsonek, Suedian. NATOrekin bat egitea eskatu eta kide bezala onartzen dutenera arteko epea horrela deskribatu du Erresuma Batuko agintariak. Edonola ere, Stockholmek bat-egite eskaera formalki egin behar du oraindik.
"Hondamendi edo Suediaren aurkako erasoaren aurrean, Erresuma Batuak lagunduko du", agindu du Johnsonek. Magdalena Andersson Suediako lehen ministroarekin prentsaurrekoa eman du. Elkarrekiko konpromisoa dela nabarmendu du 'premier'rak eta, ondorioz, Suediak ere Erresuma Batua lagundu beharko luke, BBCk jakitera eman duenez.
Errusiak Ukrainaren aurka egindako "erasoaren" ondorioz, "tentsioak" gora egin duela onartu du Anderssonek. Suediako lehen ministroak gogorarazi duenez, Stockholmek Aliantza Atlantikoan sartzea eskatzen baldin badu, "erantzuteko" mehatxua egin du Errusiak.