Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiak neurri "tekniko-militarrak" iragarri ditu Finlandia NATOn sartzen bada
Vladimir Putinen arabera, Finlandia eta Suedia NATOra batzea ez da mehatxua Errusiarentzat beti ere aliantzaren azpiegitura militarra herrialde horietara eramaten ez badute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errusiak iragarri du neurri "tekniko-militarrak" hartuko dituela Suedia NATOn sartzen bada. Iragan astean, mehatxu hori bera egin zion Finlandiari herrialde horrek aliantza atlantikoan sartzea babestu ostean. Errusiak ziurtatu du bere erantzuna, "neurri handi batean", Suedia Aliantza Atlantikoan integratzeko baldintzen araberakoa izango dela. Ildo horretan, aipatu du NATOk Suedian azpiegitura militarra zabaltzeko aukera.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak ziurtatu duenez, NATO Finlandiara eta Suediara zabaltzea ez da mehatxu bat Errusiarentzat, baina aliantzak azpiegitura militarra herrialde horietara eramaten badu erantzun egin beharko du.
Errusiak Suediari leporatu dio Europa iparraldearen, eta oro har, kontinente osoaren segurtasunari kalte egingo diola baldin eta azkenean NATOn sartzen bada.
Errusiako Gobernutik nabarmendu dutenez, Suediaren neutraltasuna "faktore garrantzitsua izan da Itsaso Baltikoko eskualdean egonkortasuna eta konfiantza mantentzeko".
Magdalena Andersson Suediako lehen ministroak atzo iragarri zuen herrialdeak formalki eskatuko duela NATOn sartzea, bi mendeko neutraltasun politikari amaiera emanez.