Mundua -
Ukrainako gerra
Azovstalen harrapatuta egon diren soldadu ukrainarretatik ia milak eman dute amore dagoeneko
Eraso gehienak Donetsk eskualdean izan dira azken orduetan, bertan berrantolatu eta posizioei eusten saiatzen ari da Errusia. Ukrainak dio hamabi eraso geldiarazi dituela eta etsaiaren hainbat ibilgailu suntsitu dituela.
O. P. | EITB Media
Gero eta gehiago dira Azovstalen amore eman duten soldadu ukrainarrak. Errusiako Defentsa Ministerioaren esanetan, 959 lirateke Azovstalen, Ukrainaren eskuetan zegoen Mariupolgo azken gunean, beren burua Armada errusiarrari entregatu dioten soldaduak.
Errusiako Gobernuak maiatzaren 16tik hona amore eman duten militarren balantzea egin du eta azken 24 ordutan 694 lirateke errenditu direnak. Ia mila soldadu horien artean 80 daude zaurituta, Interfax agentziak jaso duenez.
Denis Pushilin Donetskeko Herri Errepublikako presidenteordearen arabera, entregatu diren mila soldaduen artean ez dago goi-kargudun militarrik. "Oraindik ez dira atera", esan du, barruan jarrai dezaketela iradokiz.
Errusiako Defentsa Ministerioak bideo bat argitaratu du soldadu ukrainarrak Azovsaletik nola ateratzen diren erakusten duena; ez du zehaztu, ordea, Azovstalen oraindik beste defendatzailerik geratzen den, ez eta Kievek proposatu bezala preso errusiarrekin trukatu nahi dituen.
Irudietan soldaduak, gizon eta emakumeak, ikusten dira altzairutegitik ateratzen beren petate eta maletekin, eta nola iladan jartzen diren soldadu errusiarrek erregistra ditzaten.
Batzuk makuluz edo makilaz lagundurik dabiltza oinez, zenbaitek begiak estalita dituzte eta beste batzuk ohatiletan daramatzate, anbulantzietara.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ziurtatu du altzairutegia "ebakuatzeko lanekin" jarraitzen dutela, "nazioarteko bitartekari esanguratsuenen" eta Ukrainako Indar Armatuen eta inteligentzia zerbitzuen laguntzarekin.
Oraindik ikusteko dago Errusiak zer tratu emango dien Azovstalen entregatu diren militarrei; izan ere, Errusiako Ikerketa Batzordeak ohartarazi du galdekatu egingo dituela balizko auzipetze bati begira, baina "nazioarteko legeekin bat datorren" tratua bermatu du. Ukrainako agintariek itxaropena dute Errusiaren esku geratu diren soldaduak gerra-preso errusiarrekin trukatzeko.
Fronteen egoera azken orduetan
Errusiako armadak Ukraina ekialdean, Donetsk eskualdean eta Slovianks hiri estrategikoko frontean jarraitzen du azken orduetan, bere burua berrantolatzen eta posizioak mantentzen, Ukrainako Indar Armatuen Estatu Nagusiak Facebooken duen orrialdean jakinarazi duenez.
Herrialdearen iparraldean, Volinia, Polissia eta Siversk mugako fronteetan, Bielorrusiako Indar Armatuen unitateek Ukraina eta Bielorrusiaren arteko muga indartzeko lanetan jarraitzen dute.
Muga inguru horretan, Txernihiv eta Sumy eskualdeetako hiri eta herrietan, tropa errusiarrek artilleria jaurtitzen jarraitzen dute Ukrainako tropen eta azpiegitura zibilen aurka.
Kharkiveko frontean, Ukrainako bigarren hiri garrantzitsuenean, errusiarrek eskualdeko hiriburua bonbardatzeari utzi diote, baina beste eremu batzuetan posizioak mantentzen dituzte eta Ukrainako tropen aurrerapena oztopatzen saiatzen dira. Ukrainaren arabera, Errusiako Armadak artilleria zabaldu du Tsyrkuny, Ruski Tyshky, Cherkaski Tyshky eta Pytomnyk hiriak eta herriak bonbardatzeko.
Mykolaiven, gerran irekitako beste fronte batean, Krimeako penintsula okupatuaren iparraldean, Errusiako okupazio indarrek artilleriaz eraso egin diete Ukrainako tropei.
Donetsk eta Luhanskeko fronteetan, azken 24 orduetan, Ukrainako tropek errusiarren hamabi erasori aurre egin diete, hiru tanke suntsitu dituzte, baita hiru artilleria-sistema, sei borroka-ibilgailu blindatu eta zazpi ibilgailu motordun ere.
Gainera, Ukrainako Hegoaldeko Komando Operatiboak Telegramen duen kontuan jakinarazi duenez, Errusiako armadak misilekin eraso egin du asteazken honetan Itsaso Beltzean dituen posizioetatik, eta Odesa eskualdeko hainbat puntu jo ditu. Komandoak bildutako lehen datuen arabera, ez da biktimarik ez kalte material nabarmenik izan.