Mundua -
Ukrainako gerra
Errusiak, Ukrainak eta Turkiak zerealen esportazioak desblokeatzeko aurreakordioa lortu dute
Zenbait komunikabideren arabera, Turkiako Armada arduratuko da Odesako kostaldetik minak eta beste edozein lehergailu kentzeaz, bai eta ontziei eremu neutraleraino eskolta emateaz ere. Plana aste honetan Ankaran egingo duten bileran ofizialean berrestea aurreikusten da.
Agentziak | EITB Media
Errusiako eta Ukrainako gobernuek aurreakordioa lortu dute, Turkiaren bitartekaritzarekin, Odesatik ale eta gariz betetako ontziei irteten uzteko, 'Izvestia' egunkariak Kremlineko iturriak aipatuz jaso duenez.
Informazio horien arabera, Turkiako Armada arduratuko da Odesako kostaldetik minak eta beste edozein lehergailu kentzeaz, bai eta ontziei eremu neutraleraino eskolta emateaz ere. Oraingoz, Odesarako baino ez da hitzarmena.
"Turkiako Armadak bere gain hartuko du Odesako eskualdeko minak kentzeko lana. Ontzi turkiarrek eskolta emanik aterako dira ontziak portutik eta haien babespean joango dira itsaso Beltzeko ur-eremu neutraleraino. Bosforotik hara, Errusiako gerraontziek emango diete eskolta, segurtasunez igaro eta probokazioak saihesteko", azaldu du hedabide horrek.
Aurreakordio honetarako elkarrizketetan parte hartu dute Nazio Batuen Erakundeko ordezkariek ere, eta espero da aste honen erdialdean berretsiko dela. Izan ere, ekainaren 8an eta 9an Turkiako hiriburuan elkartuko dira Sergei Lavrov eta Sergei Shoigu, Errusiako Atzerri ministro eta Defentsa ministroa, hurrenez hurren, euren homologoekin.
'Izvestia'-k aipatu iturriak dioenez, Ukrainako ale guztia trenbidez eta lurrez garraiatzen da Europar Batasunera, eta bide horietan dauden zailtasunengatik, ez da oraindik kontsumitzaileengana iritsi. Bestalde, egunkari errusiarrak gaineratu du Turkiako Parlamentuak berretsi egin duela Ankara akordio horretan egongo dela, elikagaien krisia konpontzeko duen interesagatik.
Zerealen prezioa izugarri igo den unean iritsi da aurrekordio hau. Izan ere, mundu osoko ale-esportatzaile nagusietako bat, Ukraina, blokeatuta egon da; Ukraina munduko bosgarren ale esportatzaile handiena da, bidalketen % 9rekin. Otsailaren 24an gerra hasi zenetik, 22,5 milioi tona zereal blokeatuta daude Ukrainako portuetan.
Hala ere, Vladimir Putin Errusiako presidenteak ukatu egin du Ukrainako gerra denik zerealen prezioen igoeraren erantzulea. Aspalditik datorren kontua dela dio, pandemia aurretik ere hasia zela arazoa. Hala, adierazi du Errusiak ez dituela esportazio horiek oztopatzen, eta Ukrainak beste bide batzuk erabil ditzakeela, hala nola Berdianskeko portua Azov itsasoan edo beste hainbat herrialde batzuetatik barrena, Bielorrusiatik, esaterako.