Mundua -
ukrainako gerra
Donetskeko Justiziak heriotza zigorra ezarri die gerran parte hartu zuten bi britainiarri eta marokoar bati
Epaiak eragindako kezka helarazi du Londresek, eta salatu du "legezkotasunik gabeko" epaiketa "faltsu" baten ostean eman dela.
agentziak | eitb media
Donetskeko herri errepublikako Auzitegi Gorenak heriotza zigorra ezarri die bi britainiar herritarri eta marokoar herritar bati, Ukrainako gerran ukrainar bandoaren alde parte hartu izana egotzita.
Astelehenean abiatu zuen Donetskeko Justiziak Sean Piner, Aiden Aslin eta Sadun Brahimen aurkako epaiketa. Tropa errusiarrek bahitu zituzten gerraren testuinguruan eta, asteazken honetan, leporatzen zizkieten delituak onartu zituzten.
Orain, "proben osotasuna" aztertuta, Gorenak akusatuen erruduntasuna frogatu du eta "heriotza zigorra" ezarri beharko zaiela xedatu du, TASS agentzia errusiarrak jasotakoaren arabera.
Donetskeko Justiziak taldean delituak egin izana egotzi die Piner, Aslin eta Brahimi; tartean, boterea indarrean bereganatu izana. Gainera, Ukrainako gatazkan mertzenario gisa jokatu izanaz akusatu ditu.
Gerra hasi eta denbora gutxira, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Ukrainako Lurralde Defentsarako Legioa sustatu zuen. Destakamentu horren bitartez, Kievek lerroak handiagotu nahi zituen, nazioarteko boluntarioekin.
Errusiako autoritateen arabera, 60 herrialdetatik baino gehiagotik iritsitako ia 7.000 atzerritar batu zazkie indar errusiarrei, otsailaren amaieran (duela 100 egun baino gehiago) hasitako gatazkan parte hartzeko.
Errusiak esan duenez, "atzerriko mertzenario" horietako mila inguru atxilotu zituzten, eta 400 inguru harrapatuta egon ziren Azovstal altzairutegiaren setioan zehar.
Londresen erreakzioa
Atzerriko soldaduei emandako epaiaren berri izan ostean, Liz Truss Kanpo Arazoetako ministro britainiarrak salatu du "inolako bermerik gabeko epaiketa faltsu" baten testuinguruan eman dela.
Ildo beretik, Downing Street kezkatuta azaldu da gertatutakoaren aurrean, eta gogorarazi du ez dutela gerrako presorik auzipetu behar areriotasunetan parte hartu izanagatik, BBC irrati-telebista britainiarraren arabera.
"Ukrainar autoritateekin elkarlanean jarraituko dugu, ukrainar Indar Armatuetan soldadutzan egon den eta gerrako preso gisa atxilotuta dagoen britainiar herritar ororen askapena bermatzen saiatzeko", adierazi du Gobernuko bozeramaile batek.