Mundua -
latinoamerika
Amazonasen desagertutako kazetari baten eta indigenista baten erailketa ikertzen ari da Brasil
Dom Phillips eta Bruno Araujo ekainaren 5ean desagertu ziren Vale do Javari eskualdean, eta astelehenean bi gorpu aurkitu zituzten zonaldean. Orain, Brasilgo Polizia Federala zenbait pertsona ikertzen ari da, bi susmagarri nagusiren aitortzaren ostean.
agentziak | eitb media
Brasilgo Polizia Federalak jakinarazi duenez, bost pertsona ikertzen ari dira Dom Phillips kazetariaren eta Bruno Pereira indigenista brasildarraren desagerpenagatik. Amazonasko Vale do Javari eskualdean izan zen, ekainaren 5ean. Bi susmagarri nagusiek erailketan parte hartu izana aitortu ondoren abiatu da ikerketa.
Erailketan "modu zuzenean" parte hartu zuten hiru pertsona ikertzen ari dira. Gainera, beste ustezko susmagarri bat ere legoke, gorpuzkiak ezkutatu ahal izan zituena, baita bosgarren bat ere, ustezko egile intelektuala izango litzatekeena.
Polizia Federalak bi gorpu aurkitu zituen asteazkenean inguru horretan. Eskualdeko eremurik iritsezinenetakoa da, harremanik izan gabeko herri indigena gehienen bizilekua. Perutik Europara doan kokainaren zirkulazio ibilbideen agertokia ere bada, baita bestelako lehengaiena ere, legez kanpo erauzitako egurra eta urrea kasu.
Gorpuzkiak daramatzan hegazkina ostegun honetan iritsiko da Brasiliara, eta Kriminalistika Institutu Nazionalera eramango dituzte. Bertan, desagertutako indigenistaren eta kazetariaren gorpuak ote diren egiaztatuko dute adituek, baita heriotzaren kausa ere.
Amarildo da Costa Oliveirak, 'Pelado' ezizenez, Polizia Federalari jakinarazi zion gorpuak lurperatu zituen lekua, baita biktimek bidaiatzeko zerabilten ontzia ezkutatu zuen tokia ere. Brasilgo segurtasun indarrek ibilbidea berreraiki zuten orduan.
Lekuko batek baieztatu zuenez, 'Pelado' ikusi zuen eskopeta zeramala, munizio gerrikoa egiten, Phillips eta Pereira Sao Rafael erkidegotik Atalaia do Norterantz atera aurretik ikusi zituzten azken gauean.
'Pelado' ezaguna da Brasilen herri indigenei egiten dizkien mehatxu eta hertsapenengatik. Iragan ekainaren 5etik zeramaten desagertuta kazetariak eta indigenistak. Orduan ikusi zituzten azkenekoz Sao Rafael erkidegoan, Vale do Javari lur indigenen barnean.
NBEren erantzuna
Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi-komisarioak atsekabea azaldu du kazetariaren eta indigenistaren heriotza "ankerraren" aurrean.
Heriotza horiek gaitzesteaz gain, Ravina Shamdanasi erakundeko bozeramaileak deitoratu du Giza Eskubideen Defendatzaileen eta indigenen aurkako "eraso eta mehatxuak iraunkorrak" direla herrialde latinoamerikarrean.
Hori dela eta, erakundetik "esfortzuak areagotzeko" deia egin diete Brasilgo autoritateei aktibistak babesteko garaian, estatuko zein estatuz kanpoko aktoreen "indarkeriaren eta bereizkeriaren" aurrean.
Bestalde, Irene Khan NBEko adierazpen askatasunerako errelatoreak elkarrizketa batean azaldu duenez, kazetarien erailketak demokraziaren "gainbehera sintoma" dira, eta adierazi du "ezinbestekoa" dela kasua ikertzea.
"Badakigu hamar kazetari erail zituztela Ukrainako gatazkan. Baina Mexiko edo Brasil bezalako herrialdeetan gauza bera gertatzen dela ikusten dugunean, gisa honetako erailketa bakoitza demokraziari egiten zaion eraso bat da", esan du.