Mundua -

LUR ASTINDUA

Laguntza iristen hasia da Afganistango lurrikarak eragindako milaka kaltetuentzat

Asteazken honetan, 6,1 graduko lurrikara batek Afganistango ekialdea astindu eta mila pertsona baino gehiago hil zituen, eta beste 1.500 inguru zauritu. NBEk ohartarazi duenez, "15 milioi dolar beharko dira gutxienez" hiru hilabetez biztanleriaren beharrak artatzeko.

Boluntarioak, afganistandarrak elikagaiez eta bestelako gaiez hornitzen. Argazkia: EFE
Boluntarioak, afganistandarrak elikagaiez eta bestelako gaiez hornitzen. Argazkia: EFE
Laguntza heltzen hasi da lurrikarak kolpatutako Khost eta Paktikara

0:44

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laguntza iristen hasi zaie ostegun honetan, Afganistango ekialdean izandako 6,1 graduko lurrikarak gehien kolpatutako eremuetan dauden milaka kaltetuei. Mila pertsona baino gehiago hil ziren lur astinduaren ondorioz, eta beste 1.500 inguru zauritu, herrialdean azken hamarkadetan gertatutako hondamendi okerrenetako bat izan den honetan.

Larrialdi humanitarioari erantzuteko, konboi bat atera da Kabuletik, "4.000 pertsonari" berehalako babesa emateko, "aterpetxeekin, karpekin, burusiekin eta eguraldi txarraz babesteko zein euren berehalako sorospen beharrak artatzeko bestelako gaiekin", Leonard Zulu Afganistango Errefuxiatuentzako NBEko Agentziako (ACNUR) ordezkariak Twitter bidez iragarri duenez.

Gainera, Elikagaien Mundu Programak (EMP) ere baietsi du elikagai gordekinak dituela Paktikan, hondamendiak gehien kaltetutako probintzietako batean, 14.000 pertsona artatzeko. Munduko Osasun Elkarteak (MOE), bestalde, hamar tona hornidura mediko bidali ditu, 5.400 ebakuntza egiteko eta hiru hilabetean zehar 36.000 pertsonaren tratamendu medikoak estaltzeko adina.

Sorospen eta hornidura medikoen bidalketez gain, aterpe gehiago eta WASH programaren babesa eskatu dituzte. Hain zuzen ere, programa hori ura saneatzeaz eta higienizatzeaz arduratzen da giza kontsumoa baimentzeko eta, hala, hondamendi naturalek eragindako kutsadurak ekar ditzakeen gaixotasun posibleak ekiditeko.

"Lurrikaren osteko kolera agerraldiak benetan kezkatzeko modukoak dira. 500.000 sabeleko kasu akutu baietsi dira jada herrialde osoan. Abian dira agerraldi bat saihesteko prestaketak", adierazi du ostegun honetan Gai Humanitarioak Koordinatzeko NBEren Bulegoak.

NBEk ohartarazi duenez, "15 milioi dolar beharko dira gutxienez" hiru hilabetez sei barruti kaltetuenetako biztanleriaren beharrak artatzeko. Oraingoz, Europar Batasunak eta Koreak 2 milioi dolarreko laguntza helaraziko dutela agindu dute.

Hondamendiari emandako erantzunaren aurrean, talibanek zenbait herrialde eta elkarte humanitarioren laguntza eskertu dute, baita bizirik atera direnak artatzeko lanean ari diren afganistandar erreskate unitateen ahalegina ere. Dena dela, azpimarratu dute biktimak epe luzera sorosteko adina funts behar dituztela.

Aurretik ere, gerrak, lehorte zorrotzak, uholdeek eta muturreko zailtasun ekonomikoek eragindako suntsipenetik suspertzeko borrokan ari ziren afganistandar biztanleak. Maiz gertatzen diren lurrikarak batu zaizkio horri, bereziki Hindu Kush gisa ezaguna den eremuan, aktibitate sismiko handiko gunea eta mugimendu telurikoen ohizko jatorri puntua.

1.030 pertsona hil dira gutxienez Afganistango lurrikaran
1.030 pertsona hil dira gutxienez Afganistango lurrikaran
1.030 pertsona hil dira gutxienez Afganistango lurrikaran

0:37
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Eguneko albisteak Hondamendi naturalak albisteak Gaurko azken ordukoa Lurrikarak Hondamendi naturalek kaltetutakoak Afganistango Estatu Islamiarra