Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Hildako bat eta bost zauritu Kieven, misil batek apartamentu batzuen kontra jo ondoren
Bestalde, atzo Errusiak iragarri zuen Severodonetsk erabat hartu duela, Ukrainako soldaduak bertatik atera eta gero. Beraz, Lisitxansken bakarrik geratzen da une honetan erresistentzia, Donbasen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Vitali Klitschko Kieveko alkateak baieztatu duenez, misil batek hiriaren erdi aldean dagoen apartamentu-eraikin baten kontra jo du gaur goizean eta gutxienez pertsona bat hil da eta bost zauritu, 6 urteko ume bat tartean. Hainbat lagun harrapatuta daude hondakinen artean.
"Harrapatuta dauden pertsonak entzuten ditugu, bizirik daude. Erreskate taldeak hortik ateratzeko lanean ari dira" azaldu du Klitschkok. 80 lagun inguru ari dira erreskateetan lanean.
Shevtxenkivski auzoan gertatu da erasoa, hiriaren erdi-erdian. 7dnv atariak jakitera eman duenez, leherketak sutea eragin du bederatzi solairuko eraikinaren gainaldean eta kalteak lehen zazpi solairuetako egituran, baina eraikina bera zutik dago oraindik.
Errusiak erabat hartu du Severodonetsk, soldatu ukrainarrek alde egin eta gero
Bestalde, atzo Errusiak iragarri zuen Severodonetsk erabat hartu duela, Lugansk eskualdean, Ukrainako soldaduak bertatik atera eta gero. Beraz, Lisitxansken bakarrik geratzen da une honetan erresistentzia, Donbasen.
Ukrainako Armadak baieztatu egin du albistea. Kievek Lugansken zuen hiri administratiboa izan da orain arte Severodonetsk.
Ukrainako soldaduak erretiratu arte ehunka zibilek Azoteko planta kimikoan hartu zuten babes. Orain bertatik ateratzen ari omen dira, "errusiarrek propagandarako bideoak grabatzen dituzten bitartean" salatu dute ukrainarrek.