Mundua -
Ukrainako gerra
Eraso batek 13 hildako eta 59 zauritu utzi ditu Krementxukeko merkataritza-gune batean
Instalazio barruan mila pertsona baino gehiago zeudela jakitera eman du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. Ukrainako presidenteak ziurtatu du merkataritza-gunea ez zela "arriskutsua" Errusiako Armadarentzat, eta "ez zuen balio estrategikorik".
Agentziak | EiTB Media
Gutxienez 13 pertsona hil dira gaur Krementxukeko (Ukrainako erdialdea) merkataritza-gune batean misil bat erori ondoren, Ukrainako agintariek jakinarazi dutenez.
Oraingoz, 59 bat zaurituren berri dute. 25 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, horietako sei egoera kritikoan.
Dimitro Lunin Poltavako administrazio militarreko komandanteak azpimarratu duenez, larrialdi zerbitzuetako 130 beharginen lanari esker sua itzali dute dagoeneko. Gainera, 90 pertsona eta 20 ibilgailu Cherkasi, Kirovohrad eta Kievetik gerturatu direla azaldu du.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Telegram sare sozialean jakitera eman du instalazio barruan mila pertsona baino gehiago zeudela. Era berean, establezimenduko irudiak zabaldu ditu.
Biktima zibilen "imajinatzen ezinezkoa" den kopurua eragin du erasoak, esan du Zelenskik.
"Merkataritza-gunea sutan dago, suhiltzaileak sua itzaltzen ari dira, biktimen kopurua imajinatzen ezinezkoa da", gaineratu du Zelenskik Telegramen.
Bestalde, Vitaliy Meletskiy Krementxukeko alkateak Facebooken esan duenez, merkataritza-gunea toki "oso jendetsua" zen, eta "hildakoak eta zaurituak" daude, zehaztu barik.
Ukrainako presidenteak ziurtatu duenez, merkataritza-gunea ez zen "arriskutsua" Errusiako Armadarentzat, eta "ez zuen balio estrategikorik".
"Bizitza normala izateko jendearen saiakera baino ez da, okupatzaileak haserretzen ditu horrek. Errusiak bere ezintasuna herritarrekin ordaintzen jarraitzen du. Egokitasuna eta gizatasuna itxarotea alferrikakoa da", adierazi du Zelenskik.