Mundua -

Migrazioa

Milaka migratzaile dituen karabana bat abiatu da Tapachulatik Mexiko eta AEB arteko mugarantz

Mexikoko Gobernuari autobusak eskatu dizkiote korridore humanitario baten bidez, segurtasunez ibili ahal izateko eta Texaskoa bezalako tragediak saihesteko. MSFk eremuko laguntza humanitarioa indartu beharra azpimarratu du, biztanleria horrentzako "egoera larri" baten aurrean.

Iragaitzan segurtasuna eskatzeko bildu dira migratzaileak. EFE
Iragaitzan segurtasuna eskatzeko bildu dira migratzaileak. EFE
Iragaitzan segurtasuna eskatzeko bildu dira migratzaileak. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mexikoko hegoaldeko mugan, pertsona migratzaileen karabana batek herrialdea segurtasunez igarotzeko baldintzak eskatu ditu, Texaskoaren (AEB) gisako tragediak saihesteko. 

Ostiral honetan Tapachulatik, Guatemalako mugan, abiatuko den milaka migratzaileren karabanak autobusak eskatu dizkio Mexikoko Gobernuari AEBrekin muga egiten duen Nuevo Leon estatura iristeko korridore humanitario baten bidez; autobusen erregaia ordaintzeko ere prest agertu dira, igarotzean arriskuak saihesteko bada. 

Migratzaileek adierazi dutenez, haurdun dauden 400 emakume eta 1.000 haur inguru daramatzate, eta kostaldeko errepidea oinez zeharkatuko dute, Huixtlako (Chiapas) migrazio-aduanaraino iritsi asmoz. Kalkuluen arabera, 8.000 lirateke, exodo berri honetan, Venezuelatik eta Haititik, Afrikako eta Asiako herrialdeetatik nahiz Mexikotik bertatik, AEBra igaro nahi duten pertsonak. 

"Mexikoko agintariei errepideetan babes gaitzatela eskatzen ari gara, gurekin joan daitezela uneoro, karabana-martxa baketsua baita", adierazi du Jonathan Enrique Avila Venezuelako migratzaileak.

Tapachulako Bicentenario parkean, karabanaren abiapuntuan, ari dira migratzaileak biltzen, ez baitute arintasunik igarri aldi baterako bidaia-baimenak lortzeko izapideetan.

Beste migratzaile batzuek Migrazio Institutu Nazionalaren (INM) erregularizazio-bulegoetan entregatu dituzte identifikazioak, lurraldean 30 egunez egon ahal izateko aldi baterako baimenak eman ahal dizkietela espero dutelako, migratzaileen karabana horretan parte hartu beharrik izan gabe.

MSFk egoera "larrigarria" salatu du

Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundeak Mexikoko iparraldeko mugan laguntza humanitarioa hobetzea premiazkoa dela azpimarratu du, Estatu Batuetarantz zeharkatzea espero duten migratzaileen egoera "larria" delako.

MSFk adierazi duenez, Mexikoko iparraldean ez aurrera ez atzera dauden migratzaileei eskaintzen dizkieten kontsulta mediko eta psikologikoen arabera, ikusi ahal izan dute pertsona horiek arazoak dituztela hezur- eta gihar-sisteman, eta gaixotasun gastrointestinalak, arnas koadroak, gernu-infekzioak, gaitz ginekologikoak eta larruazaleko desorekak dituztela.

Erakundeak zehaztu duenez, trauma osteko estresarekin, antsietatearekin, doluarekin edo galerarekin eta depresioarekin lotutako sintomak nagusitzen dira.

"MSFtik dei egiten diegu maila guztietako agintariei eta eskualdean dauden laguntza humanitarioko nazioarteko beste erakunde batzuei ahaleginak areagotzeko, iparraldeko mugan dagoen biztanleria migratzailearentzat baldintza duinak ziurta ditzaten", azpimarratu du Pavel Goytia MSFk Nuevo Laredon duen mediku taldeko arduradunak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Ameriketako Estatu Batuak Mexiko Eguneko albisteak Albisteak Errefuxiatuak