Politika -
Migrazioa
EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen talde parlamentarioek Melillan gertatutakoa salatu dute
Taldeek, Marokoren eta Espainiaren arteko mugan ostiralean jazotakoaren aurrean "atsekabea eta salaketa irmoa" adierazteaz gain, ikerketa "berehalakoa eta independentea" eskatzen dute gertakariak argitze aldera.
EITB MEDIA
EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen talde parlamentarioek, ostegun honetan, bateratutako adierazpena aurkeztu dute Legebiltzarrean, aurreko ostiralean Melillako hesian, Marokoren eta Espainiaren arteko mugan, gertaturikoa salatzea helburu. Gutxienez 23 pertsona hil ziren bertan (Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuen arabera, aldiz, gutxienez 37 heriotza izan ziren), eta aipatutako talde parlamentarioek, halaber, ikerketa "berehalakoa eta independentea" izatea eskatzen dute, gertakariak argitze aldera.
Testuinguru horretan, adierazpenaren aurkezpenean, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek diote ekainaren 24an "Espainiako Estatuko hegoaldeko mugaren historiako hondamendi humanitario larrienetako bat" bizi izan zela: "Gutxienez 37 pertsona hil dira GKEen arabera, eta dozenaka pertsona zauritu dira Melillara iristen saiatzean, indarkeria-irudi basatiekin, berotan eginiko kanporaketekin eta, migrazio-agintarien aldetik, giza eskubideen urraketa larriekin".
"Testuinguru horretan", jarraitzen dute, "Espainiako presidenteak adierazpen onartezinak egin zituen egindako jarduerak ulertuz eta babestuz, eta Espainiako eta Marokoko segurtasun-indarrek egoera ondo konpondu zutela adierazi zuen".
Zortzi puntuko adierazpenean, taldeek "atsekabea eta salaketa irmoa" adierazten dute, "eta elkartasun osoa" adierazten diete "poliziaren jardun basatiaren ondorioz hildako edo zauritutako Saharaz hegoaldeko pertsonen familiei".
Hala, "ikerketa berehalakoa eta independentea eskatzen dugu, gertakariak argitzeko, erantzukizunak garbitu eta biktimen erreparaziorako neurriak ezartzeko". Horrez gain, eskatu dute "hildakoen gorpuak berreskuratzea, identifikatzea eta jatorrizko herrialdeetara aberriratzea familien nahiak errespetatuz".
Taldeek adierazpenean diote erabat gaitzesten dituztela "migrazioaren eta asiloaren arloan Europak eta Espainiak gaur egun dituzten politikak, mugak militarizatzeari eta kanpora ateratzeari buruzkoak". Horrekin lotuta, eskatzen dute "legezko bide seguruak ezartzea, migratzaile guztien duintasuna eta giza eskubideekiko errespetua bermatzeko".
Taldeen ustez, "Europar Batasunak migrazio-politika koherente eta bateratua ezarri behar du, eta asilo- eta babes-politika giza eskubideen errespetuan oinarritua". Mugetara iristen diren migratzaileen erantzukizunak eta kudeaketak EBko kideen artean komunak, arduratsuak eta solidarioak izan behar dutelakoan daude.
Azkenik, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek berretsi egiten dute "giza eskubideetan oinarritutako migrazio-politikak bultzatzea, eskuin muturreko ideologiek bultzatutako diskurtso xenofoboen eta praktika autoritarioen aurrean".