Mundua -
Danimarka
Danimarkako Poliziak terrorismoaren hipotesia baztertu eta atxilotuaren aurrekari psikiatrikoak aipatu ditu
Kopenhageko Poliziaren arabera, "biktimak ausaz aukeratuak izan ziren" eta, zantzu guztien arabera, susmagarriak bakarrik jardun zuen.
Agentziak | EITB Media
Danimarkako Poliziak astelehen honetan adierazi duenez, igandean Kopenhageko merkataritza-gune batean egindako erasoa ez da terrorismo ekintza bat eta argitu dute susmagarriak aurrekari psikiatrikoak dituela. Gertakariak gutxienez hiru hildako eta lau zauritu eragin zituen.
"Ez dago terrorismo-ekintza izan dela adierazten digun ezer", esan du Soren Thomassen Kopenhageko poliziaburuak. "Gure balorazioa da ausaz aukeratutako biktimak direla", adierazi du, eta nabarmendu du susmagarriak erasoa aurrez prestatu zuela, baina oraingoz ez dakitela zein izan den horretara bultzatu duena.
Era berean, Thomassenek azpimarratu du azken orduetan Poliziak hainbat peskiza egin dituela Fields merkataritza-guneko gertakariarekin lotuta. "Gau osoa eman dugu lanean. Miaketak egin ditugu eta dokumentuak aztertu", adierazi du Kopenhageko poliziaburuak, eta, susmagarria bakarrik aritu dela adierazi du.
Thomassenek biktimen inguruko xehetasun gehiago eman ditu. Hildakoak 17 urteko bi daniar eta Danimarkan bizi den 47 urteko errusiar nazionalitatea duen gizon bat dira. Lau zaurituen artean bi daniar eta bi suediar daude, tartean 16 urteko nerabe bat, Jyllands Posten Danimarkako egunkariak jaso duenez.
Danimarkako lehen ministroak, Mette Frederiksenek, "eraso basatia" izan zela esan du, eta herritarrei batuta egoteko dei egin die, 'Berlingske' egunkariaren arabera. "Ulertezina da, urragarria, eta zentzurik gabea. Gure hiriburu eder eta segurua, aldatu egin da segundo bakar batean", deitoratu du Frederiksenek, eta eskerrak eman dizkie segurtasun indarrei, medikuei eta laguntza eskaini duten guztiei.