Mundua -
Italia
Draghik gobernatzeko gehiengo parlamentarioa galdu du, eta Italia hauteskundeetatik gertuago dago
Gobernatzeko babes parlamentario nahikoa galdu du Italiako lehen ministroak. Silvio Berlusconiren eta Matteo Salviniren eskuinak eta 5 Izar Mugimendua koalizioko kide ohiek abandonatu dute Senatuan.
Agentziak | EITB Media
Mario Draghi Italiako lehen ministroak gobernatzeko babes parlamentario nahikoa galdu du. Silvio Berlusconiren eta Matteo Salviniren eskuinak eta 5 Izar Mugimendua (M5S) koalizioko kide ohiek abandonatu dute Senatuan.
Draghik irabazi egin du konfiantza mozioa, baina M5S koalizioak, Forza Italiak eta Ligak ez dute parte hartu bozketan, eta, horrela, lehen ministroak gehiengoaren babesik gabe geratu da. Hain zuzen ere, 95 boto alde jaso ditu Draghik, eta 38 aurka. Goi Ganberak 320 senatari ditu. Horrenbestez, gehienek ez dute bozkatu.
Bazkideen asmoen berri izan ondoren, lehen ministroa Senatutik atera da. Ostegun honetan Sergio Mattarella Errepublikako presidentearengana joko du. Iragan astean dimisioa eman zuen, baina Mattarellak ez zion onartu.
Enrico Letta Alderdi Demokratako idazkari nagusiak Draghi babestu du. "Italiaren aurka jartzea erabaki du Parlamentuak, egun zoroan", deitoratu duenez. Hauteskundeak aurreratu beharko dituztela uste du.
"Guk eginahalak egin eta Draghiren Gobernua babestu dugu. Italiarrek hautestontzietan demostratuko dute ordezkariak baino zuhurragoak direla", idatzi du Twitter sare sozialean.
2021eko otsailetik batasun nazionaleko koalizioaren buru da ekonomialaria. Ganberako ia alderdi guztiek osatzen zuten, Giorgia Meoniren alderdi ultrak izan ezik.
Iragan astean, M5Sk ez zuen konfiantza mozioa babestu, koalizioan krisia eragin eta Draghi dimisioa ematera behartu zuen.
Baina Mattarella presidenteak ez zion onartu, eta Parlamentuan irtenbide bat bilatzeko eskatu zuen. Gaur hasi dira, baina ezinezko misioa ematen du eskuinaren eta M5Sren arteko ika-mikarengatik.
Nahiz eta Berlusconik eta Salvinik koalizioan jarraitzeko asmoa agertu, M5S kanpoan uzteko baldintza jarri diote lehen ministroari; baina Draghi ez dago horretarako prest, 2023ko martxoan, legealdia bukatzeko gehiengo berdina mantendu nahi duelako.