Mundua -

Krisi energetikoa

Nord Stream 1 Errusiako gasbidea Europa gasez hornitzen hasi da berriro

10 egunez mantentze lanak egin ostean, Europako txorrota zabaldu du Kremlinek, baina ahalmen guztiaren % 30-40an bakarrik, Alemaniak zehaztu duenez.

Mallnowko (Alemania) gas-biltegia. Argazkia: EFE
Mallnowko (Alemania) gas-biltegia.
Mallnowko (Alemania) gas-biltegia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europa beldur zen, baina azkenean Errusiak berriro ekin dio gasa bidaltzeari Nord Stream 1 gasbidearen bitartez, azpiegituraren operadoreak baieztatu duenez. 

Txorrota zabaldu bai, baina erdizka egin du Kremlinek, ahalmen guztiaren % 30-40 inguru heltzen ari omen delako Alemaniara, bertako egunkarien arabera. 

Klaus Muller Alemaniako sareen agentzia federaleko (Bundesnetzagentur) presidentearen hitzetan, gaurko hornidura 530 GWh/d-koa da, hots, gasbidearen % 30. 

Mullerren arabera, "datozen bi orduetarako loteslea da kopuru hori, eta egunean zehar egindako aldaketak ez dira oso ohikoak". 

Aurreikusitako orduan, 06:00etan, berrabiatu du hornidura operadoreak. 

Hornidura uztailaren 10ean eten zuen Errusiak, urtero egin ohi dituen mantentze lanak tarteko. Alemania beldur zen geldialdi teknikoa luzatuko ote zen, Ukraina eta Errusiaren arteko gerraren testuinguruan. 

Beldurra ikara bihurtu zen atzo Gazprom Errusiako gas enpresak ohartarazpena egin ondoren. Twitterren zabaldutako mezu batean jakinarazi zuenez, Siemens enpresak konpondutako eta ustez Alemaniara bidalitako turbina falta zuten oraindik.

Portovaya konpresio lantegiko turbina da hori eta multinazionalak Montrealen (Kanada) duen lantegian konpondu zuten. Pieza Europara gasa bidaltzeko ezinbestekoa da, antza. Hori horrela, egoera horrek "Nord Stream 1 gasbidearen eraginkortasunean ondorioak" izango zituela ohartarazi zuen. 

"Kanadak eta EBk ezarritako zigorren kontura, Gazpromek ez du jaso oraindik Siemensen inongo dokumentu ofizialik", azaldu zuen. 

Uztaila hasieran, Kanadako Gobernuak esan zuen Alemaniari bidaliko ziola turbina, ez Errusiari, hasieran iragarrita zegoen bezala. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Errusia Alemania Eguneko albisteak Albisteak Gas naturala Errusia-Ukraina gerra