Mundua -
PROFILA
Salman Rushdie, islamiar fundamentalismoa haserretu zuen idazlea
Bere lanetako batek hainbat polemika piztu ditu ideologiei eta erlijioei egindako kritikengatik, eta horregatik heriotza-mehatxuak jaso izan ditu askotan.
I. R. | EITB MEDIA
Salman Rushdie jatorri indiarreko idazle britainiarrari eraso egin diote ostiral honetan, New Yorken (AEB) egindako aurkezpen batean labankadak emanez.
Rushdiek urteak eman ditu mehatxupean The Satanic Verses (1988) eleberriagatik, Irango agintariek blasfematzat hartu zutena, eta Ruhollah Jomeini aiatola irandarrak 1989an idazlearen heriotza eskatzeko fatua edo dekretua eman zuena.
Irango Gobernua Jomeiniren fatuatik urrundu zen azkenean, baina, 2012an, hango fundazio erlijioso erdi ofizial batek Rushdie hiltzeko saria 2,8 milioi dolarretik 3,3 milioi dolarrera igo zuen.
Aipatutako lanaz gain, saiakeragileak Midnight 's Children (1981) bezalako eleberriak argitaratu ditu, eta 1981ean Booker Saria irabazi zuen, "irabazle guztien artean eleberririk onena" izendatuta.
Bere estiloak, zenbait aldiz errealismo magiko hispanoamerikarrarekin konparatuta, hainbat polemika piztu ditu ideologia politiko eta sozial ezberdinei eta erlijioei egiten dizkien kritikengatik.
Bere laugarren eleberria, The Satanic Verses, fikzioa gogoeta filosofikoarekin eta umorearekin uztartzen duen lana da. Horrek musulman xiiten haserreak piztu zituen, Koranaren, Mahomaren eta fede islamiarraren aurkako iraintzat hartu zutenak, eta debekatu egin zuten Indian, Pakistanen, Egipton, Saudi Arabian eta Hegoafrikan, besteak beste.
Ordutik, Rushdiek hainbat heriotza-mehatxu jaso ditu, baita Ruhollah Jomeini aiatolak igorritako fatua (dekretu erlijiosoa) ere, garai hartan Irango buruzagi gorena zena. Horregatik, gobernu britainiarrak poliziaren babesa jarri zion idazleari.
Bere ibilbidean zehar, Rushdiek hainbat kondekorazio eta izendapen jaso ditu bere ibilbideagatik, eta 2008ko urtarrilean, The Times egunkariak bere 50 idazle britainiar onenen zerrendako 13. postuan kokatu zuen.
2000. urteaz geroztik, Rushdie Estatu Batuetan bizi izan da, eta, 2012an, Joseph Anton: A Memoir argitaratu zuen, The Satanic Verses eleberriari buruzko polemikaren ondorioz bizitakoen kontakizuna.
Rushdie obra polemikoarekin lotutako azken biktima izan da; izan ere, hura argitaratu zenetik, hainbat pertsona hil edo zauritu egin dituzte: 1989an, bi erlijio-buru musulman hil zituzten Bruselan, liburuaren zentsuraren aurka agertu zirelako; Ettore Capriolo italiarrari arma zuriz eraso egin zioten 1991ko uztailaren 3an; haren homologo japoniarra 1991ko uztailaren 12an hil zuten; 1993ko uztailaren 3an, berriz, Turkiako Sivas herrian, 37 pertsona hil zituzten eleberria turkiarrera itzuli zuen idazlearen aurkako atentatuan; eta urte horretako urriaren 11n Norvegiako liburuaren editorea, William Nygaard, hiltzen saiatu ziren.
Bilbora bisita
2011n, idazle indiar-britainiarrak Bizkaiko hiriburua bisitatu zuen Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdia inauguratzeko. Ekitaldian, askatasunari, zentsurari eta autozentsurari buruzko hausnarketa egin zuten, non, idazleak argi utzi zuenez, "gauza horiek heriotza dira artista batentzat".