Mundua -
AEB
Salman Rushdiek arnasgailu bati konektatuta jarraitzen du, egoera larrian
Egileak zauriak ditu begi batean, besoan eta gibelean, idazlearen agentearen arabera. Poliziak 24 urteko Hadi Matar identifikatu du erasotzaile gisa.
EITB Media
75 urteko Salman Rushdie idazle britainiarrari labanaz eraso egin zioten New Yorkeko estatuan egindako aurkezpen batean, eta berehala eraman dute ospitalera, New Yorkeko Poliziak ohar batean jakinarazi duenez.
75 urteko Booker Sariaren irabazle ohia Chautauqua erakundearen ekitaldi batean hitz egiten ari zela, gizon bat hurbildu zitzaion eta lurrera bota zuen ostiral arratsaldean.
Idazlearen aurkezpena hasi bezain laster, eta beti lekukoen arabera, maskara beltza zeraman gizon bat agertokira igo zen eta Rushdieri eraso zion.
Poliziaren azken txostenaren arabera, Rushdiek gutxienez labankada bat jaso du lepoan eta beste bat sabelean, eta horregatik sartu da ebakuntza-gelan. Han arnasketa lagundua jasotzen ari da, bere kabuz arnasa hartzeko gaitasunik gabe baitago.
"Albisteak ez dira onak (...) Salmanek begi bat galduko du. Besoko nerbioak moztu dizkiote eta gibela sastakatu eta kaltetu diote", adierazi du Andrew Wylie idazlearen agenteak The New York Times egunkarian.
Poliziak susmagarria atxilotu eta Hadi Matar bezala identifikatu du, New Jerseyko 24 urteko herritarra. Hala ere, oraindik ez dute erasoaren arrazoia zehaztu, polizia iturriek The Washington Post egunkariari adierazi diotenez.
Bestalde, Rushdieren elkarrizketatzaileak zauri arina izan du buruan, baina alta eman diote.
Akusazioak
Jason Schmidt Chautauqua konterriko barrutiaren fiskalak ohar baten bidez jakitera eman duenez, Rushdieren erasotzaileari hilketa saiakera eta eraso delituak leporatuko dizkiote.
"HadiMattar, atzoko erasoaren erantzulea, bigarren graduko hilketa saiakera eta eraso delituak egotzi dizkiogu", azaldu du. "Bart auzipetu dugu eta fidantzarik gabeko behin behineko espetxealdian jarraitzen du", gaineratu du fiskalak.
Hain zuzen ere, idazle jazarriei asiloa eskaintzen dieten hirien inguruan hitz egin behar zuen Rushdiek, ekitaldian, City of Asylum erakundearen egitarauak oraindik ikusgai duenez.
"Babesa baino gehiago" izenburupean, "adierazpen askatasun sortzailearentzako asilo eta etxe bezala", AEBen izaera hizpide izan behar zuen Rushdiek.
Idazlea jatorriz indiarra da (Mumbain jaio zen), baina egun herritartasun bikoitza du, britainiarra eta estatubatuarra, eta 2000tik AEBn bizi da.
"Sekula ez naiz izan erlijioarekin kezkatutako idazlea, erlijioak jazarri ninduen arte", adierazi zuen artikulu batean. Integrismo islamikoa soilik ez da arazoa, fanatismo kristaua ere, erantsi zuen, Tony Blairri eta George W. Bushi erreferentzia eginez.
1988an, Bertso satanikoen argitalpenak berehala hautsak harrotu zituen musulmanen artean, Mahoma profetaren figurari begirunerik azaldu ez ziolakoan.
Indiak liburua debekatu zuen urriaren 5ean eta Hegoafrikak azaroaren 24an. Aste gutxi batzuen buruan, Pakistan, Saudi Arabia, Egipto, Somalia, Bangladesh, Sudan, Malaysia, Indonesia y Qatarrek ere eleberria debekatu zuten.
Iranek biraotzat jo zuen, eta orduko Jomeini ayatollahk idazlearen hiltzea eskatu zuen 1989ean. Irango Gobernua Jomeiniren 'fatwa'tik aldendu zen, baina 2012an, bertako fundazio erlijioso batek Rushdieren buruaren truke jarri zuen saria 2,8 milioi dolarretik 3,3ra igo zuen.
Kathy Hochul New Yorkeko gobernadoreak esan duenez, idazlea bizirik dago polizia batek salbatu duelako. Erasoa gertatu eta handik bi ordura, gobernadoreak "bizirik" dagoela baieztatu du prentsaurrekoan.
"Estatuko Polizia batek zutunik jarri eta salbatu du, bera eta moderatzailea babestu ditu", adierazi du Hochulek.
"Salman Rushdieren aurkako erasoa koldarra fanatikoen gorroto kanpaina sistematikoen emaitza da", idatzi du Tushar Gandhik, Mahatma Gandhi buruzagi bakezalearen bilobak.