Mundua -

Hitzaldia Jackson Holen

AEBko Erreserba Federalak ohartarazi du inflazioa jaisteak "mina" ekarriko diela enpresa eta etxeei

Horren ildotik, Jerome Powell entitateko presidenteak adierazi duenez, inflazioa % 2aren bueltan kokatzeko, politika monetario murriztatzailea indarrean mantendu beharko da aldi batez. Dow Jonesek % 1,5 egin du behera Powellen hitzaldiaren ondotik.

Powell, duela gutxi egindako argazki batean. Irudia: Efe
Powell, duela gutxi egindako argazki batean
Powell, duela gutxi egindako argazki batean. Irudia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jerome Powell Estatu Batuetako Erreserba Federaleko presidenteak ohartarazi duenez, enpresek eta etxeek "mina" pairatuko dute, duela hilabete batzuk AEBn igo diren inflazio tasa altuak jaisteko politiken ondorioz. 

Erreserba Federalak Jackson Holen egiten duen politika monetarioari buruzko sinposioan, Powellek nabarmendu du prezioen gorakadari mugarik ez jartzeak "min handiagoa" eragingo lukeela.

Burtsek erantzuna eman dute dagoeneko Powellen hitzaldiaren ostean. Dow Jonesek, Wall Streeteko adierazle nagusiak, % 1,6ko galerak erregistratu ditu arratsaldean. Ibexek, halaber, ildo beretik itxi du eguna, % 1,51eko jaitsierarekin.

"Prezioen egonkortasuna berrezartzeak denbora beharko du, eta gure baliabideak irmotasunez erabiltzea eskatuko du, eskaria eta eskaintza hobeto orekatuta egon daitezen", esan du Powellek.

"Inflazioa jaisteak hazkunde tasa joeraren azpitik luzaroan izatea eskatuko du seguruenik. Gainera, litekeena da lan merkatuko baldintzak malgutzea. Interes tipo altuenek, hazkundearen beherakadak eta lan merkatuko baldintzen malgutzeak inflazioa jaitsiarazten badute ere, mina ere ekarriko die enpresa eta etxeei", azpimarratu du.

Erreserba Federalaren presidenteak, halaber, ziurtatu duenez, entitateak inflazioa % 2ra itzularazteko moduko maila murriztatzaile batera bideratu ditu politikak.

Horren ildotik, Powellek ohartarazi du inflazioa % 2aren bueltan kokatzeko, politika monetario murriztatzailea indarrean mantendu beharko dela aldi batez. Gainera, aurrekariei begiratuta, ez da gomendagarria "politika monetarioa behar baino arinago malgutzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak