Mundua -

ERRESUMA BATUA

Downing Streeti agur esan eta Trussi erabateko babesa agindu dio Johnsonek

"Hauxe da dena, lagunok", esan du hitzaldiaren hasieran. Gobernuko buru izan denak urte hauetan guztietan egindako lana ere azpimarratu du, eta, gerora, Eskozian Elisabet II.a erreginarekin bildu da, lehen ministro berriari lekukoa emateko.

Boris Johnson, lehen ministro gisa emandako azken hitzaldian
Boris Johnson, lehen ministro gisa emandako azken hitzaldian
Boris Johnsonek agur esan dio Downing Streeteko egoitzari

0:43

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Orain arte Erresuma Batuko lehen ministro izan denak, Boris Johnsonek, herrialdeak bizi duen egoera zailaren aurrean, "erabateko babesa" agindu dio Liz Trussi astearte honetan Downing Streetetik alde egin aurreko bere azken hitzaldian.

"Hauxe da dena, lagunok", adierazi du Johnsonek, eta, gerora, Eskoziara abiatu da, Elisabet II.a erreginarekin biltzeko, dimisioa ematea helburu. Arratsaldean utziko du ofizialki kargua eta Trussi, Alderdi Kontserbadoreko buruzagi berriari, lekukoa emango dio.

Hitzaldian argi utzi du "Gobernu honi erabateko laguntza eta babesa" eskainiko dizkiola, eta nabarmendu du herrialdeak une gogorrak bizi dituela, baita familiek ere. Dena dela, Johnsonen esanetan, egoera "gaindi dezakegu eta gaindituko dugu", eta toriei eskatu die "politikarekin amaitzeko" eta Trussi babesa emateko "herritarrei erantzunak emate aldera". "Hori da jendeak nahi duena, behar duena eta merezi duena", gaineratu du.

Gobernuaren buru gisa egindako lana ere azpimarratu nahi izan du orain arte Erresuma Batuko lehen ministro izan denak, "1987tik izandako gehiengo zabala eta 1979tik izandako boto-kopururik handiena barne", baita "brexita gauzatzea", "herritarrei laguntzea", "Erresuma Batuak munduan duen pisua bermatzea" eta "AEBekin eta Ukrainarekin argi eta garbi hitz egitea".

Putinentzako hitzak ere izan ditu. "Herri honek eutsiko dio eta irabaziko dugu. Putinek uste badu arrakasta izan dezakeela britainiar herriari xantaia eginez edo jazarriz, erabat nahastuta dago, eta arrazoia da funtsak izango ditugula orain eta etorkizunean, kontserbadoreek ulertzen dutelako gobernuaren ekintzaren eta sektore pribatuko enpresaren arteko simetria merkatu kapitalista batean", adierazi du.

Azkenik, Johnsonek esan du "batasunak indar handia duela herrialdean", eta gogoratu du badirela batasun hori hausten saiatzen jarraituko dutenak, baina inoiz ez dutela lortuko. Gainera, eskerrak eman dizkie herritarrei eta boto-emaileei kargua hartzeko "aukera emateagatik", eta gaineratu du elkarrekin "etorkizunean eutsiko dioten oinarriak" ezarri dituztela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Elisabet II.a erregina Boris Johnson