Mundua -

Erresuma Batua

Erresuma Batua, Elizabeth II.a erreginaren osasun egoerarekin kezkatuta

Bere semea eta tronurako oinordekoa, Charles printzea, eta bere emaztea, Camila, Balmoralera joan dira, William printzea erreginaren bilobarekin batera. Henry Sussexeko dukea ere Eskoziara joan da, gainerako senideekin gazteluan biltzeko.

Jendea Buckingham jauregiaren aurrean. Argazkia: EFE
Jendea Buckingham jauregiaren aurrean. Argazkia: EFE
Jendea Buckingham jauregiaren aurrean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elizabeth II.a erregina medikuen gainbegiradapean dago, horiek "kezkatuta" daudelako bere osasun egoerarekin.

Erresuma Batuko koroak ohar baten bidez jakitera eman duenez, Ingalaterrako erregina, 96 urtekoa, "eroso" dago, eta Balmoral gazteluan jarraitzen du, Eskozian.

"Goizean azterketa berria egin ondoren, erreginaren medikuak kezkaturik agertu dira bere maiestatearen osasunarekin, eta medikuen zaintzapean egoteko gomendioa eman dute. Hala ere, erregina eroso dago Balmoralen", azaldu dute agiri labur batean.

96 urteko erreginak bere Kontseilu Pribatuaren bilera telematiko bat atzeratu ondotik, Buckingham jauregiak oharra argitaratu du. Medikuek atseden hartzeko aholkua eman zioten, astearteko ekitaldien ostean, tartean, Downing Streeteko agintari aldaketa. Buckingham jauregian ohiko guardia aldaketa bertan behera utzi dute ostegun honetan.

Bere semea eta tronurako oinordekoa, Charles printzea, eta bere emaztea, Camila, Balmoralera joan dira, William printzea erreginaren bilobarekin batera. Era berean, Anne printzesak, Andrew printzeak (Wessexeko kondea) eta Edward printzeak (Yorkeko dukea) gazteluan direla baieztatu dute dagoeneko.

Henry Sussexeko dukea ere Eskoziara joan da, gainerako senideekin gazteluan biltzeko. Henry eta Meghan AEBetan bizi dira, baina Europan bidaia egiten ari ziren.

Katherine eta Meghan Cambridgeko eta Sussexeko dukesak, hurrenez hurren, ez dira Balmoral gaztelura hurbildu. Bertako komunikabideen arabera, Kate Windsorren geratu da, hiru seme-alabak zaintzeko. Meghan Londresen izango da, baina gauean ez du sari banaketa batean parte hartuko.

Buckinghamen arabera, Britainia Handiko erregetzan denbora gehien eman duen monarka eta mundu osoko erregin zaharrenak mugikortasun arazoak ditu. Ondorioz, Elizabeth II.ak nabarmen murriztu ditu ekitaldi publikoak, asteartean Liz Truss lehen ministro berriari harrera egin bazion ere.

Erreakzioak

Truss ere kezkatuta agertu da albistearekin. "Nire pentsamenduak eta Erresuma Batuko jendearenak Erreginarekin eta bere familiarekin daude une honetan", esan du.

Keir Starmer Alderdi Laboristako buruak ere hitz egin du: "Herri guztia bezala, oso kezkatuta nago gaur arratsaldean Buckingham Jauregitik etorri den albistearekin".

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak bere pentsamenduak Elizabeth II.arekin daudela esan dio Liz Truss Erresuma Batuko lehen ministroari. Bidenek bideokonferentzia bidez zabaldu du mezua, John Kirby Etxe Zuriko bozeramaileak jakitera eman duenez.

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Elizabeth II.ari babesa adierazi dio. "Nire pentsamenduak eta otoitzak berarekin daude", esan du prentsaurrekoan, Rotterdamen (Herbehereak). Erreginaren "konfiantza" eta "kemena" goraipatu ditu. Von der Leyenen ahotan, "mito bat da".

Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak "elkartasuna" adierazi die Erresuma Batuko erregezko familiari eta herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Elisabet II.a erregina Ingalaterra Charles III.ari buruzko azken berriak