Mundua -

ELIZABETH II.A

Aurrekaririk gabeko Estatu hileta batekin emango diote azken agurra Elizabeth II.ari

Ekitaldia eguerditik aurrera egingo dute Westminsterreko abadian. Elizkizunen ostean, Windsor gazteluan emango diote lur. Milioi bat pertsona espero dira gaur Londresen, eta hiriburua zaintzeko polizia dispositibo zabala prestatu dute.

Elizabeth II.aren hilkutxa hainbat egunez egon da Westminsterko jauregian. EFE
Elizabeth II.aren hilkutxa hainbat egunez egon da Westminsterko jauregian.
Amaitu da Elizabeth II.aren hil-kapera Westminsterren

0:44

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elizabeth II.a erreginaren Estatu hileta egingo dute Londresen, 70 urtean aurrekaririk gabekoa. Horrenbestez, aro isabeldarrari behin betiko amaiera eramango dio Erresuma Batuak gaur, 11 dolu egunen azkena.  

Eguerdian abiatuko dira hileta elizkizunak Londresko Westminster abadian. 2.000 gonbidatu baino gehiago daude, tartean mundu osotik etorritako 500 estatuburu eta errege familietako ordezkari

Londresko Metropoli Poliziak dispositibo zabala jarri du martxan, eta 10.000 agente egongo dira kaleak zaintzen (3.000 bat Erresuma Batuko hainbat lekutatik heldu dira). Hiriburuko hainbat kale itxita egongo dira, batez ere Buckingham jauregiaren eta Green eta St James parkeen artean. 

Stuart Cundy Londresko Metropoli Poliziaren komisariordearen arabera, Elizabeth II.a zendu zenetik indarrean den operatiboaren "azken fasea, zailena" izango da gaurkoa. 

Erreginaren hilkutxak Westminsterreko abadiatik Windsor gaztelera egingo duen bidea zaintzeko bakarrik 2.300 agente arituko dira. 

Gaurkoa jaieguna da Erresuma Batuan, eta asko dira hiriburura hurbilduko direnak. Hala, inoizko garraio operazio handienetakoa jarri du martxan Londresek: milioi bat pertsona espero dituzte. 

250 tren gehigarri jarriko dituzte, hainbat metro geltoki itxiko eta aire espazioan ere mugak daude. Ondorioz, Heathrow aireportuko ehun bat hegaldi bertan behera geratu dira. 

Honako hau da gaurko agenda: 

07:30ean. Westminsterreko jauregian egon den hil kapera itxi dute. 

09:00etan. Hiletaren gonbidatuak Westministerreko abadiara heltzen hasiko dira. 2.000 baino gehiago dira, tartean 500 estatuburu. 

11:44an. Elizabeth II.aren hilkutxa Parlamentu britainiarreko egoitzatik aterako dute eta segizioa abadiara joango da. Charles III.a eta hiru anai-arrebak —Anne, Andrew, Edward—, William eta Harry printzeak hilkutxaren ondoan joango dira. 

12:00etan. Hileta elizkizuna zuzenduko du David Hoyle Westminsterreko deanak. Justin Welby Canterburyko artzapezpikuak sermoia irakurriko du eta Liz Truss Erresuma Batuko lehen ministroak, testu erlijiosoa. 

12:55ean. Korneta batek bi minutuko isiluneari emango dio hasiera. Erresuma Batua osoa isilean egoteko deia egin dute. 

13:15ean. Hilkutxa segizioan aterako dute abadiatik Wellington arkurantz. Big Benak, Westminster jauregiko dorreko kanpaia ezagunak, minuturo joko du segizioari lagunduz. 

14:00etan. Elizabeth II.aren gorpuzkinak hileta autoan eramango dituzte Windsor gaztelura (Londresko ekialdetik 35 kilometrora). 

16:00etan. Hilkutxa Windsor gaztelura helduko da. Oinez egingo dute Long Walk etorbideko (gaztelura heltzeko dagoen arbolez inguratutako bidea) bost kilometroak. 

17:00etan. Gorpuzkiak gazteluko Saint Jorge kaperan sartuko dituzte. David Coney Windsorreko deanak zuzenduko du elizkizun, 800 gonbidaturen aurrean.

19:30ean. Philip Edinburgokoarekin lurperatuko dute, ekitaldi pribatu batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Londres Elisabet II.a erregina Charles III.a erregea