Mundua -
HAUTESKUNDEAK
Europako Batzordeak Italiako Gobernu berriarekin "kooperazio eraikitzailea" izatea espero du
Batzordeko bozeramaileak ez du uste Italiako hauteskundeen emaitzak Europako politiken aurkako "epaiketa" gisa ulertu behar direnik.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Italian eskuin muturrak hauteskundeak irabazi eta biharamunean, Europako Batzordeak esan du "kooperazio eraikitzailea" espero duela sortuko den Gobernu berriarekin. Itxura guztien arabera, Giorgia Meloni FdI (Fratelli d'Italia) alderdiko buruzagia izango da Italiako lehen ministro berria, bere alderdiak irabazi baititu hauteskundeak botoen % 26,2 eskuratuta.
"Batzordeak eta presidenteak hauteskunde emaitzetatik ateratzen diren Europar Batasuneko Gobernuekin lan egiten dute, eta kasu honetan ere, berdin egingo dute. Lankidetza eraikitzailea espero dugu Italiako agintari berriekin", adierazi du Eric Mamer Europako Batzordeko bozeramaileak gaur goizeko prentsaurrekoan.
Mamerren iritziz, Italiako hauteskundeetako emaitzak ez dira Europako politiken aurkako "epaiketa" gisa ulertu behar. "Gehiegi sinplifikatzea iruditzen zait", gaineratu du. Bruselak, ohi duen bezala, ez du balorazio ofizialik egin hauteskundeen inguruan. Gogorarazi du Bruselak ez dituela inoiz aipatzen EBko herrialde bateko hauteskundeen emaitzak, eta adierazi du "oso harroputza" izango litzatekeela italiarrek bozkatutakoa bozkatzeko izan dituzten arrazoiak aztertu nahi izatea.
Bestalde, Mamerrek azpimarratu du Batzordea gogor ari dela lanean europarrek oro har eta italiarrek bereziki dituzten arazoei aurre egiteko.