Mundua -

Erresuma Batua

Gobernu britainiarrak atzera egin du, eta aberatsenei zergak jaisteari muzin egin dio

Kwasi Kwarteng Ekonomia ministro britainiarrak iragarri du neurria bertan behera utziko duela. Trussen erreforma fiskalak alderdi kontserbadorea astindu zuen, eta burtsa eta libera hankaz gora jarri zituen.

Kwarteng ministroa, Truss ondoan duela, Alderdi Kontserbadorearen kongresuan. EFE
Kwarteng ministroa, Truss ondoan duela, Alderdi Kontserbadorearen kongresuan.
Kwarteng ministroa, Truss ondoan duela, Alderdi Kontserbadorearen kongresuan. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kwasi Kwarteng Erresuma Batuko Ekonomia ministroak iragarri duenez, Gobernuak, azkenean, ez du iragarritako zerga erreforma egingo eta, hortaz, ez du zerga tarte altuena jaitsiko (aberatsenei ezartzen zaien % 45eko tasa kentzea zen asmoa). Neurriak matxinada eragin du alderdi kontserbadorearen barruan, eta libera eta burtsa hankaz gora jarri ditu.

"Argi dago % 45eko tasa kentzea distrakzio bihurtu dela, eta gure herrialdearen erronkei aurre egiteko helburua oztopatzen duela. Ondorioz, bertan behera utziko dugu neurria. Entzun eta ulertu dugu", azaldu du ministroak ohar batean.

Kwartengek irailaren 23an aurkeztu zuen bere zerga erreforma. Burtsetan astindua eragin zuen, eta zalantzak sortu zituen Londres gai izango ote zen zergak jaitsita sortutako zor publiko handiari aurre egiteko.

Erreforma fiskala azken 50 urtean aurkeztutako gogorrenetakoa zen. Iragarritako neurriek Erresuma Batuko arrisku prima jaitsarazi zuten, eta ondorioz, interes tasak igoko zituela iragarri behar izan zuen Ingalaterrako Bankuak, izua baretu nahian.

Besteak beste, honako neurri hauek zituen aurreikusita Kwartengen planak: aberatsenei aplikatzen zaien zerga bertan behera uztea (Trussek Ekonomia ministroaren ideia izan zela esan du orain), oinarrizko tasa % 20tik % 19ra jaistea, aurreko gobernuak iragarritako sozietateen zerga indargabetzea, eta bankariek egun jasotzen dituzten hobarietarako muga kentzea.

Kritikei entzungor eginda, atzora arte plana defendatzen zuen Liz Trussek. Egunkari britainiarren arabera, diputatu kontserbadore askok planaren aurka bozkatu behar zutela ikusita, atzera egitea erabaki du azkenean exekutiboak.

Alderdi Kontserbadorea urteko kongresua egiten ari da egunotan Birminghamen, eta Kwartengen beraren hitzaldia dago aurreikusita gaurko. Trussen gobernua inkestak kontra dituela heldu da bilkurara. Izan ere, azken galdeketen arabera, Keir Starmerren Alderdi Laboristak babesaren % 54 du, eta toryek, aldiz, % 21.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eskozia Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Ingalaterra Liz Truss