Mundua -

energia krisia

Bruselak arretaz jarraituko du Alemaniak gas kontsumora bideratutako dirulaguntza sorta

Bitartean, EBko eztabaida energetikoan, Europar Batasunean gas inportazioen prezioari muga ezartzeko ideia ari da nagusitzen. Ekimen hori 15 herrialdek babesten dute gutxienez, eta Alemaniak uko egin dio.

Ursula Von der Leyen eta Thierry Breton. Argazkia: EFE
Ursula Von der Leyen eta Thierry Breton. Argazkia: EFE
Ursula Von der Leyen eta Thierry Breton. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordea harremanetan dago Alemaniarekin, gasaren etxeko kontsumoa sustatzeko Berlinek iragarritako 200.000 milioi euroak tarteko eta. EBko lehen ekonomia denaren plana kritikatu gabe, azpimarratu du Bruselak "merkatu bakarrean baldintza-berdintasuna babesteko" konpromisoa duela.

"Estatuaren laguntza bat bada, Batzordeari helarazi behar zaio, horrek balioztatu dezan", adierazi du prentsaurreko batean Arianna Podesta Batzordeko Lehia bozeramaileak. Halaber, azpimarratu du beharrezkoa dela ezarritako prozedurei jarraitzea, eta gogorarazi du gaur egun "malgutasun" handiagoa duen lege-esparru bat dagoela, Errusiak Ukrainaren aurka egindako inbasioaren ondoren onartua.

Dena den, Ursula Von der Leyen alemaniarra buru duen Europako Batzordeak ez du oraindik argi utzi Alemaniako Gobernuaren aurka egingo duten edo ez finantza-gihar erakustaldi horrengatik.

Von der Leyenek joan den larunbatean Sofian emandako hitzaldia gogorarazi du bozeramaileak; izan ere, Alemaniako politikariak Grezia eta Bulgariaren arteko gas interkonexio baten inaugurazioan parte hartu zuen. "Funtsezkoa da Europar Batasunean, merkatu bakarrean, guztiontzako baldintza-berdintasunari eustea. Eta funtsezkoa da distortsioak saihestea", adierazi zuen bertan Alemaniako ministro ohiak.

Urrutiago joan da Thierry Breton frantziarra, Merkatu Bakarreko komisarioa. Hain zuzen ere, iragan ostiralean zenbait mezu igorri zituen Twitter bidez, Alemaniaren 200.000 euroko laguntza horiei erreferentzia eginez (Portugalen BPGtik hurbil dagoen zenbatekoa). Era berean, Bruselak merkatu bakarraren gertuko "jarraipena" egingo duela ohartarazi zuen.

Bitartean, EBko eztabaida energetikoan, Europar Batasunean gas inportazioen prezioari muga ezartzeko ideia ari da nagusitzen. Ekimen hori 15 herrialdek babesten dute gutxienez, eta Alemaniak uko egin dio, nahiago baitu prezio altuak ordaindu gas horniduraren segurtasuna arriskuan jarri baino.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Bruselako albisteak gaur Europa Alemania bideoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Dirulaguntzak gaur Gasaren krisia Europan