Mundua -
Hauteskundeak AEB-n
Demokratak nagusi Nevadan, eta Senatuaren kontrolari eutsiko diote
Hala ere, Joe Bidenen alderdiaren garaipena ez da erabatekoa izan, Joe Lombardok lortu baitu estatu horretan gobernadore izendapena.
agentziak | eitb media
Demokratek Senatuaren kontrolari eutsiko diote Nevadako estatuan Catherine Cortez Masto hautagaia Adam Laxalt errepublikanoari gailendu ostean. Hala, Georgian abenduaren 6an egingo den bigarren itzulian soilik bi alderdien arteko aldea erabakiko da.
Nevadako boto-zenbaketa gaur amaitu da zenbait egunez posta bidezko bozak egiaztatu ostean, eta Cortez Mastok botoen % 48 eskuratuta irabazi du.
Hala ere, garaipena ez da borobila izan Joe Biden presidentearen alderdiarentzat, Joe Lombardo hautagai errepublikanoak lortu baitu gobernadore izateko izendapena, Steve Sisolak demokrataren aurretik.
Mastok jarraipena eman dio Mark Kellyk Arizona estatuan lortu zuen eserlekuari. Senatari baten faltan zeuden demokratak ganberaren kontrolari eusteko, eta gaur baieztatu egin da nagusi izango direla aurrerantzean ere.
Bidenek esan du orain Georgiako emaitzaren zain dagoela, abenduan egingo den bigarren itzuliko emaitzari begira, alegia. "Hobeto da 51 edukitzea", azaldu du, Goi Ganberako presidentearen boto bikoitza behar izan gabe, bozketetan gehiengo osoa izateari erreferentzia eginez.