Mundua -

Ukrainako gerra

Polonian bi pertsona hil dituzten misilak Ukrainak botatakoak izan litezke

Joe Biden AEBko presidenteak berak esan du, ibilbidea ikusita, ez dirudiela Errusiatik jaurtitakoak direnik, eta Ukrainak berak botatako misil antiaereoak izan litezkeela. Ukrainak, ordea, "misil errusiarrak" direla berretsi du.

Bi misilak jausi diren lekua. EITBren bideo batetik ateratako argazkia.
Bi misilak jausi diren lekua.
Bi hildako Polonian, Ukrainako mugatik gertu ustez bi misil erorita

00:22

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden AEBko presidenteak iragarri duenez, "zantzuak" badaude Polonian, NATOko lurraldean, bi pertsona hil dituzten misilak Ukrainak botatakoak direla esateko. "Badirudi Polonia ekialdeko eremu bat jo duena Ukrainako misil antiaereoa dela", erantsi du.

Ildo beretik, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen hitzetan, leherketa "akats teknikoa" izan da, lehen ikerketek baieztatu dutenez. "Errusiak esandakoa errespetatu behar dut. Ez dute afera horrekin zerikusirik", esan du.

G7ko buruzagiek eta NATOk urgentziaz egindako bileraren ondotik egin ditu adierazpenok Bidenek. Erdogan, aldiz, G20ko bileraren harira deitutako prentsaurreko batean mintzatu da.

AEBko presidenteak aurrez adierazi duenez, ez zirudien, ibilbideari erreparatuta, Przewodow herrian (Polonia) jausi diren misilak Errusiak botatakoak zirenik. "Lehen informazioek ezeztatu egin dute aukera hori. Horrek ez du esan nahi ikertu ez dugunik, baina ez dirudi Errusiak jaurtitakoak direnik. Ikuskizun dago, dena den", azaldu die kazetariei.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, ordea, Polonian eroritako "misilak errusiarrak" direla berretsi du.

Andrzej Duda Poloniako presidentearen esanetan, oraindik ez dute argi nork jaurti dituen misilak. Nolanahi ere, aurreratu du Errusian egindakoak zirela. Erdogan Turkiako presidenteak, ordea, azken hori ukatu du, eta misilak errusiarrak ez zirela baieztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Errusia NATO Eguneko albisteak Albisteak Joe Biden Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski Polonia