Mundua -
GIZA ESKUBIDEEN MUNDU EGUNA
"Aurrekaririk gabeko erronkei" aurre egin behako diegula ohartarazi du Guterresek, Giza Eskubideen Egunean
"Duintasuna, askatasuna eta justizia" da aurtengo leloa. Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ohartarazi du erronka berriak sortzen ari direla "planetaren krisi hirukoitza" deiturikotik abiatuta. Krisi hori klima-aldaketak, biodibertsitatearen galerak eta kutsadurak osatzen dute.
TAMARA FERRARI | EITB MEDIA
Abenduaren 10a dugu gaurkoa, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna. "Duintasuna, askatasuna eta justizia" da aurtengoaren leloa. Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ohartarazi du munduak "aurrekaririk gabeko erronkak" dituela aurrean. Gosea eta pobreziaren hazkundea, espazio zibikoen gutxitzea eta hedabideen askatasunaren eta kazetarien segurtasunaren "gainbehera arriskutsua" aipatu ditu arriskuen artean, besteak beste.
NBEk gaurko egunez, baina, 1948an, onartu zuen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala. 30 artikuluz osatuta dago, lehendabizikoa hauxe: "gizaki guztiak askeak dira eta eskubide berberak dituzte jaiotzen direnean". "Inork ezin du eskubide gutxiago eduki bere arrazagatik, hizkuntzagatik, erlijioagatik, iritzi politikoengatik, gizon edo emakumea izateagatik, herri batekoa edo bestekoa izateagatik, pobre edo aberatsa izateagatik" da, berriz, bigarrena.
Lehen bi artikuluak ikusita, argi dago idatzitakoak ez duela munduan bizi dugun errealitatea islatzen. Hirugarren artikuluak dio: "Pertsona guztiek dute bizitzeko eskubidea, askatasunez eta segurtasunez bizitzeko eskubidea". 2022 honek utzi dizkigun hainbat albiste, ordea, argi uzten dute bide horretan badela oraindik zer eginik. Gogora dezagun otsailean hasi zela Ukrania eta Errusiaren arteko gerra, esaterako, eta milaka direla hildakoak: zibilak, haurrak daude horien artean. Eta Iranen, Mahsa Amini emakumeak beloa gaizki jantzita zeramalako atxilotu eta hil ondoren sortutako protesta gogorrek piztuta jarraitzen dute, aste honetan bertan urkatu dute protestetan parte hartutako lehena. Beste hamar atxilotu daude heriotzaren korridorean.
"Aurrekaririk gabeko erronkak"
Gerrak bakarrik ez, klima aldaketaren ondorioek ere herrialde zaurgarrienei eragiten die gehien. Garai zailen aurrean gaudela gogoratu du Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak eta giza eskubideak zaintzeko gure "konpromezua berresteko" eskatu du. Etorkizun beltza baitatorkigu 2023an ere. NBEk ohartarazi du Afrikan, esaterako, 48milioi pertsona egongo direla gosete arriskuan.
Giza Eskubideen Egunaren harira egindako hitzaldian, Guterresek salatu du erronka berriak sortzen ari direla "planetaren krisi hirukoitza" deiturikotik abiatuta. Krisi hori klima-aldaketak, biodibertsitatearen galerak eta kutsadurak osatzen dute.
Gainera, Guterresek esan du erakundeekiko konfiantza "gutxitzen" ari dela, batez ere gazteenen artean, eta pandemiaren ondorioz emakumeen eta nesken aurkako indarkeriak gora egin duela.
"Garai zail hauek Giza Eskubide guztiekin dugun konpromisoa suspertzea eskatzen dute: zibilak, kulturalak, ekonomikoak, politikoak eta sozialak", adierazi du, eta, horren ostean, gogorarazi du 2020an Ekintzarako Deia igorri zuela, Giza Eskubideak erdigunean jartzeko eta nazioartean irtenbideak bilatzeko.
75 urte beteko ditu giza eskubideen nazioarteko egunak 2023an, baina antza, beste 75 bat beharko ditugu bertan jasotako 30 puntu horiek bete daitezen.
Euskal Herrian, hainbat ekitaldi izan dira gaur giza eskubideen nazioarteko eguna harira
Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzionala egin du gaur goizean, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 74. urteurrena ospatzeko. Bertan, Unai Hualde presidenteak azpimarratu du beharrezkoa dela hori "gobernu guztien agenda politikoan sartzea".
Nafarroako Parlamentuak "Adierazpena gogoratzeko" deia egin du, gizarte bazterketarekin amaitzeko
Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren irakurketan, ustezko agente bat arabieraz irakurtzen ari zen pertsona bat atxilotzen hasi da. Parlamentariek ez zekiten antzezlan bat zela eta iskanbila sortu da. Performancearen arrazoia azaldu diete gero, parlamentariak euren onera etorri ezinda zirela.
Bilbon, giza eskubideen aldeko manifestazioa egin dute dozena bat elkartek kale nagusietan zehar:
Bestalde, ETAko presoen "gradu progresioak atzera bota izanak" salatu ditu Sare herritarrak Durangon egindako manifestazio batean, ez direla "justizia, mendekua baizik", eta ETAko presoentazko espetxe politika "arrunta" eskatu du.
Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira baita ere, giza-katea osatu du Gasteizen Etxerat euskal presoen senideen eta lagunen elkarteak eta, horren bukaeran, Auzitegi Nazionalak gogor kritikatu du, "presoen aurka salbuespen espetxe-politika, eskubideak urratzen dituen alde zigortzailea soilik duena, aplikatzen jarraitzen duelako".
Mendekuaren gainetik "birgizarteratzeko eskubideak lehenesteko" eskatu du Etxeratek