Mundua -
gasaren prezioa
EBko herrialdeek etena egin dute gasaren prezioari muga jartzeko egindako bileran, jarrerak hurbiltzeko
27ak erdibituta daude. Batetik, proposamena eraginkorra, baina nahikoa ez dela uste dutenak daude, eta bestetik, hornidurarako arriskutsua dela hautematen dutenak.
agentziak | eitb media
Europar Batasuneko (EB) Energia ministroak Europako gas-erosketen prezioa mugatzeko jarrerak hurbiltzeko bildu dira gaur eta, bi ordu inguruz eztabaidatu ostean, etena egin dute maila teknikoan bilerak egiten jarraitzeko.
EBko txandakako presidente den Txekiar Errepublikak zirriborro berri bat aurkeztu du gaur goizean. Gasaren prezioari ezarritako muga 200 eta 220 euro/MWh artean jartzea proposatu du, beti ere gasaren prezioa TTF indizean hilabetez tarte horren barruan mantentzen bada hiru-bost egunez.
Bi orduz dokumentu hori aztertu ondoren, Energia ministroek bertan behera utzi dute bilera, Txekiako presidentetzak jakinarazi duenez negoziazio informalekin jarraitzeko.
Ordezkaritza ezberdinetako iturrietatik baikor agertu dira akordioa lortzeko aukeraren aurrean. Erabateko akordioa lortzen ez badute ere, "zerbait oso zehatza" helarazi nahi diete estatuburuei eta gobernuburuei, energiaren prezioen gaia hizpide izango baitute ostegun honetan Bruselan egingo duten goi bileran.
27ak bitan zatituta joan dira gaurko ezohiko bilerara: alde batetik, tresna eraginkorra bai, baina nahikoa ez dela uste duten herrialdeak daude, eta, bestetik, neguko hornidurarako arrisku gisa ikusten dutenak. Ondorioz, akordioa gaur gaurkoz ez dago ziurtatuta.
Lehenengo blokean, Europako Batzordeari gasaren prezioari muga jartzeko proposatu zioten 15 herrialdeak daude, hala nola Espainia, Italia, Grezia, Polonia edo Belgika. Herrialde horiek prezioen mugak altua izaten jarraitzen duela kritikatzen jarraitzen dute, hots, neurria ez dela nahikoa irizten dute.
Kontrako aldean aurkitzen direnak, Alemania edo Herbehereak kasu, merkatuan esku hartzeak negurako horniduren bermea arriskuan jar dezakeela uste dute. Gauzak horrela, "itxaropen bateraezinak" sortu dira gaurko bilerari begira.
Europako Batzordearen hasierako proposamena aurkeztu zenetik, hainbat aldiz aldatu dute – eta horietako bakoitzean prezioen muga murriztu egin da–, alabaina, testuaren oinarriak berdina izaten jarraitzen du.
Txekiako presidentetzaren asmoa Bruselak egindako proposamenaren konfigurazioa aldatu gabe parametroak aldatzea da, bi aldeak "adiskidetu" daitezen. Horrek, ordea, "aldebiko konpromisoa eskatzen du", Txekiako iturri diplomatikoek adierazi dutenez. Bien bitartean, estatu kideak "mesfidati" jarraitzen dute, eta horrek akordioak lortzeko "tarte estua" uzten duen arren, Txekiak azpimarratu du "azken unera arte" saiatuko direla akordioa lortzen.
Horrela izan ezean, gasaren prezioari muga jartzeko eztabaida asteazken eta ostegun honetan Bruselan egingo den goi-bileraren agendan sartuko da, Europako Kontseiluaren eztabaidan.