Mundua -

Benedikto XVI.aren heriotza

65.000 pertsona inguruk agur esan diote Benedikto XVI.ari beila ofizialaren lehen egunean

Ostegunean hileta elizkizuna egingo dute San Petri plazan, Frantzisko aita santuak gidatuta. Bi milioi pertsona baino gehiago joan ziren Joan Paulo II.ari agur esatera, 2005ean hil ondoren.

Hainbat fededun, ilaran, Benedikto XVI.ari agur esateko itxaroten. Argazkia: EFE
Hainbat fededun, ilaran, Benedikto XVI.ari agur esateko itxaroten.
Benedikto XVI.a aita santu emerituaren hil-kapera ireki dute

0:34

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

65.000 pertsona inguru sartu dira Vatikanoko San Petri basilikan Benedikto XVI.ari azken agurra emateko. Haren gorpuzkiak Gian Lorenzo Bernini italiarrak egindako baldakino monumentuaren aurrean daude. Bi milioi pertsona baino gehiago joan ziren Joan Paulo II.ari agur esatera, 2005ean hil ondoren.

Goizetik milaka fededunek, asko eta asko Alemaniako banderekin, ilara egin dute Vatikanoan Benedikto XVI.a aita santuari azken agurra emateko. Aita santu emeritua larunbatean hil zen, eta horren gorpuzkiak goizaldean eraman dituzte San Petri basilikako kapera batera, eliztarrek publikoki agur esateko aukera izan dezaten. Hiru egunez izango da bertan. 

Ostegunean, hileta elizkizuna egingo dute San Petri plazan

Zendu zenetik, Vatikanoko lorategien barruan dagoen monastegi bateko kapera pribatu batean izan dituzte Benedikto XVI.aren gorpuzkiak. Bertara hurbildu ziren atzo lagun minak, senitartekoak, eta elizgizon eta apaizak. 

Gaurtik aurrera, baina, herritarrek eman ahalko diote euren agurra. 

Vatikanoak atzo zabaldutako irudietan ikus daitekeenez, beluz gorriz estalitako katafalkoaren eta kuxinen gainean paratu dute gorpua. Buruan apaindutako mitra zuri bat du eta esku artean, arrosarioa. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Aita santua argazkiak Albisteak Gaur Eliza Katolikoa albisteak