Mundua -
Vatikanoa
Benedikto XVI.a gorputz eta arima aritu zela nabarmendu du Frantzisko aita santuak
Hileta amaituta (hiru orduko zeremonia izan da), aita santu emerituaren gorpuzkiak Basilikako kriptara eraman dituzte, eta bertan hilobiratu dute. 50.000 lagunek jarraitu dute elizkizuna San Petri plazan.
EITB MEDIA
Benedikto XVI.aren hileta 09:24an hasi da San Petri plazan, non 50.000 fededun bildu diren (espero zena baino gutxiago), Frantzisko aita santuak gidatutako elizkizuna gertutik jarraitzeko. Meza, baina, Giovanni Battista Re Kardinalen Kolegioko dekanoak eman du. Elizkizuna hiru ordu geroago, 11:30 igarota, amaitu da, eta segidan, Basilikako kriptara eraman dute hilkutxa, eta Joan Paulo II.a zenaren hilobian ehortzi dute, Benediktok berak horrela eskatuta.
Elizpearen erdigunean jarri dituzte iragan larunbatean hil zen 95 urteko aita santu emerituaren gorpuzkiak. Aurretik, prozesioan atera dira eliza barrutik.
Frantzisko gurpildun aulkian iritsi da zeremoniara, eta besaulki batean eserita egon da aldarean.
Guztira, 120 kardinal, 400 apezpiku eta 4.000 apaiz batu dira ia hiru ordu iraungo duen hileta elizkizunean.
Georg Ganswein apezpikua —Benedikto XVI.aren idazkari pertsonalak— eta Memores Domini institutuko lau emakumek —aita santu emeritua zaindu zutenak— lehen ilaran kokatu dira, aldare nagusiaren albo batean.
Hilkutxan ezarritako larrukiak dio abusuen aurka "gogor" egin zuela
Latinez dago idatzia eta Benedikto XVI.aren bizitzan data esanguratsuak izan zirenak aipatzen ditu aita santu zenaren gorpuzkiak dituen kutxan sartutako larrukiak. Horretan nabarmentzen denez, "abusuen aurka gogor borrokatu zuen".
"Adingabeen kontra elizjendeak egindako sexu abusuen aurka gogor borrokatu zuen. "Konbertsioa, otoitza, aitortza eta garbikuntza" eskatu zizkion Elizari, Joseph Ratzingerren bizitza laburbiltzen duen dokumentuan irakur daitekeenez.
Segurtasun neurri zorrotzak
Azken egunotan, segurtasun neurri gogorrak izan dira hiri vatikanoan eta gaur, are gogorragoak. Gauean fededun, turista eta ikusmiran joandako pertsona ugari izan dira Erroman. 06:00etan zabaldu dituzte San Petri plazara sartzeko bideak, eta ilara luzeak ikusi dira.
Izan ere, plazara sartzeko kontrol eta metalak atzemateko detektagailuen galbahea igaro behar da. Ibilgailuek ezin dute plazara sartu, eta inguruan aparkatutakoak ere kendu dituzte.
Segurtasun planaren arabera, aire espazioa zarratuta dago, eta talde zabal bat da ingurua zaintzen: helikopteroak, frankotiratzaileak, terrorismoaren kontrako poliziak, suhiltzaileak... Guztira, 1000 agente.