Mundua -

Ukrainako gerra

Putinek 36 orduko su-etena agindu du, ortodoxoen Eguberria dela eta

Erabakia Errusiako Eliza ortodoxoaren patriarkak, Kirilek, Gabonetako su-eten bat ezartzeko egindako deiari erantzuna da, fededun ortodoxoek urtarrilaren 7an ospatzen baitute. Errusiak okupatutako lurraldeak uzten dituenean su-etena izango dela erantzun du Ukrainak.

Vladimir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: EFE
Vladimir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: EFE
Vladimir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Putin Errusiako presidenteak 36 orduko su-etena agindu du gaur, Moskuko 12:00etatik aurrera (09:00 GMT), Ukrainako frontearen lerro osoan zehar, Kremlinek jakitera eman duenez.

Errusiako Presidentetzaren oharraren arabera, estatuburuaren erabakia Errusiako Eliza ortodoxoaren patriarkak, Kirilek, Gabonetako su-eten bat ezartzeko egindako deiari erantzuna da, fededun ortodoxoek urtarrilaren 7an ospatzen baitute.

"Ekintza militarren eremuan herritar ortodoxo ugari bizi denez, Ukrainako aldeari su-eten erregimen bat ezartzeko dei egiten diogu, Eguberri bezperan eta Eguberri egunean tenpluetara joaten uzteko", dio ohar ofizialak.

Ordu batzuk lehenago, Kirilek su-eten bat eskatu du fededunek Gabonak ospatu ahal izateko.

Lehen aldia da Errusiako presidenteak su-etena ezartzen duela fronte guztietan, joan den otsailaren 24an Ukrainan kanpaina militarra abiatu zuenetik, aldameneko herrialdea "desnazifikatzeko eta desmilitarizatzeko" helburuarekin.

Kirilen deiak eta su-etenak ez dute harrera ona izan Kieven: "Gabonetako su-eten baten inguruan IORak egindako adierazpena tranpa zinikoa eta propaganda da", idatzi du Mijailo Podolyak Ukrainako Presidentetzaren aholkulariak Twitterren.

Geroago gehitu du "Ukrainak ez du atzerriko lurralderik eraso eta ez ditu zibilak hil. Errusiak egiten duen bezala ". "Errusiako Federazioak lurralde okupatuak utzi behar ditu; orduan bakarrik izango du aldi baterako su-etena. Gorde hipokresia zuretzat ", esan dio Putini.

Era berean, Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroak erantzun du Kremlinek bakea nahiko balu, Ukrainatik tropak erretiratuko lituzkeela. Horrekin, "gerra amaitu egingo zen", idatzi du ministro berdeak Twitterren.

Aitzitik, argi dago Errusiako presidenteak gerrarekin jarraitzeko asmoa duela, "etenaldi labur baten ostean", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra