Mundua -

Brasil

1.200 pertsona atxilotu dituzte gutxienez, Bolsonaroren aldeko oldarraldian parte hartu zutenen kanpalekuetan

Lularen garaipenaren ostean, Armadaren kuartel militarraren aurrean eraiki zuten Bolsonororen jarraitzaileek asentamendua, protesta gisa. Brasilgo presidenteak eta botere legegile eta judizialetako buruzagiek "lasaitasunari" eusteko eta "demokrazia bakean defendatzeko" deia egin dute.

Polizia Bolsonororen jarraitzaileetako bati aurre egiten. Argazkia: EFE
Polizia mobilizazioetan parte hartu duen Bolsonororen jarraitzaileetako bati aurre egiten.
1.200 pertsona atxilotu dituzte gutxienez, Bolsonaroren aldeko oldarraldian parte hartu zutenen kanpalekuetan

0:40

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brasilgo Auzitegi Gorenak Jair Bolsonaro presidente ohiaren ehunka jarraitzaileren kanpalekua husteko agindua eman dio herrialdeko Armadari astelehen honetan, Kongresuaren eta Gorenaren egoitzak eta Jauregi presidentzialean indarrez sartu eta biharamunean. Bolsonaroren zaleek kuartel militarren aurrean altxatu zituzten asentamenduok Lularen garaipenaren aurrean protesta moduan, eta erabat hustu dituzte jada, guztira 1.200 pertsona atxilotu dituztelarik.

Igandean Brasilgo Estatuko eraikin nagusiak erasotu ondotik, Bolosonaroren jarraitzaile asko oinez abiatu ziren Armadaren kuartel nagusiaren aurrean duten kanpamentura.

Hala ere, gaur goizean, Brasiliako Barruti Federaleko poliziak urriko hauteskundeen ostean militante bolsonaristek eraikitako kanpamentua husteko agindua eman du. Hala, polizia goizetik ari da kanpalekurako sarbideak blokeatzen, manifestari gehiago irits ez daitezen, eta bertan zeudenak modu baketsuan husteko agindu dute.

Brasiliako Gobernuak berrogei autobus inguru pleitatu ditu, oraindik kanpalekuan zirauten 1.200 pertsona inguru aterarazteko, polizia etxera eraman eta ondoren galdeketa egiteko.

Gainera, Alexandre de Moraes Goreneko epaileak, erradikalen helburuetako bat zenak alegia, Ibaneis Rocha Brasiliako gobernadorearen behin behineko kargu uztea agindu du igandeko gertakari antidemokratikoen ostean, hiru botereen egoitzen aurka erasoa egin zutenean. Rocharen ordez, Celina Leão gobernadoreordeak hartuko du hiriburuaren gidaritza.

Bien bitartean, "basati faxistak aurkitu eta zigortuko" dituela hitzeman du gaur Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidenteak. Are gehiago, estatu kolpe saiakera hori finantzatu dutenen kontra ere egingo duela iragarri du gobernuburuak.

"Demokrazia bakean defendatzeko" deia egin dute

Gainera, ohar batean, Brasilgo presidenteak eta botere legegile eta judizialetako buruzagiek "lasaitasunari" eusteko eta "demokrazia bakean defendatzeko" deia egin dute.

"Herrialdeak normaltasuna, errespetua eta lana behar ditu", diote Lulak, Kongresuko buruek eta Rosa Weber Gorte Goreneko presidenteak sinatutako ohar bateratuan.

Hiru botereen ordezkari nagusiak gaur bildu dira, igandean Brasilen izandako krisi larria aztertzeko. Brasilian izandako "ekintza terroristak, kriminalak eta kolpistak" arbuiatu dituzte oharrean, eta azpimarratu dute erakundeak "bat eginda" daudela "erabaki guztiak hartzeko, Brasilgo legeek" aurreikusten duten moduan.

"Lasaitasunari eusteko deia egiten diogu gizarteari, gure aberriaren bakea eta demokrazia defendatzeko", dio oharrak. Lulaz eta Weberrez gain, Arthur Lira Diputatuen Ganberako presidenteak eta Veneziano Vital do Rego jarduneko Senatuko buruak ere sinatu dute.

Bolsonaro Orlandon ospitaleratu dute

Bitartean, Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohia Orlandoko (Ameriketako Estatu Batuak) ospitale batean dago, sabelaldeko minarekin, agintari ohiaren gertuko iturri batek jakitera eman duenez.

Brasilgo prentsaren arabera, estatuburu ohia Orlandoko AdventHealth Celebrationen dago, Floridan.

Michelle Bolsonaro agintari ohiaren emazteak sare sozialetan adierazi duenez, senarra "behaketan" dago ospitalean, "sabeleko deserosotasunagatik".

Arazo gastriko horiek, Michelleren arabera, 2018ko irailaren 6an Juiz de Fora hirian egindako hauteskunde-ekitaldi batean "Bolsonarok jaso zuen labankadaren" ondorio dira, hainbat aldiz igaro behar izan baitzuen ebakuntza-gelatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Brasil Latinoamerikako azken ordukoa Protestak gaur