Mundua -

ingalaterra

Dozenaka adingabe asilo eskatzaile bahitu dituzte Erresuma Batuan, ikerketa batek estalgabetu duenez

Gertakariak Barne Ministerioak kudeatutako hotel batean jazo ziren. 600 adingabe inguru igaro ziren bertatik azken 18 hilabeteetan, eta 136 desagertze salatu dira.

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'The Guardian' egunkariaren kazetaritza ikerketa batek agerian utzi du Barne Ministerioak kudeatzen zuen Brightoneko hotel batean dozenaka adingabe asilo eskatzaileren ustezko bahiketa. Gertakari horiek Ingalaterrako hegoaldeko beste instalazio batzuetan ere errepikatu direla dirudi.

Barne Ministerioak azpikontratatutako Mitie enpresako langile batek eta adingabeak babesteko zerbitzuetako iturriek kalean adingabeak bahitu eta kotxeetan sartu dituztela jakinarazi dute.

"Adingabeak eraikinaren aurrean bertan bahitzen dituzte. Desagertu egiten dira eta ez dituzte inoiz berriro aurkitzen. Trafikatzaileek kale erdian eramaten dituzte", azaldu du iturriak.

Poliziak behin eta berriz jakinarazi dio Barne Ministerioari zein kalteberak diren hotelean ostatu hartzen duten adingabe horiek, Erresuma Batura sare kriminalen aurreko inolako babesik gabe iritsi ostean.

Bidaiderik gabeko 600 adingabe inguru igaro dira Sussexeko hoteletik azken 18 hilabeteetan, eta 136 desagertze salatu dituzte. Erdiak baino gehiago, 79, oraindik agertu gabe daude.

Mitie enpresako iturriak deskribatu duenez, Hythen dagoen eta Barne Ministerioak kudeatzen duen antzeko hotel batera eramaten zituzten, eta astean adingabeen % 10 desagertzen direla uste du.

Yvette Cooper Alderdi Laboristako -oposizioa- Barne bozeramaileak esan du albistea "benetan beldurgarria eta eskandalagarria" dela, eta Gobernuari eskatu dio zenbat adingabe desagertu diren eta horiek aurkitzeko egiten ari denaren berri emateko.

Datu ofizialen arabera, bidaiderik gabeko adingabeek 16,5 egun igarotzen dituzte batez beste Barne Ministerioko hoteletan, herrialde osoko udaletako gizarte zerbitzuek artatu aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Delituak argazkiak Erresuma Batua Eguneko albisteak Eguneko albisteak Ingalaterra albisteak Kazetaritza