Mundua -

italia

40 pertsona atxilotu dituzte Italian, gose greban dagoen buruzagi anarkista baten aldeko protestetan

102 egun egin ditu Alfredo Cospitok bertan protestan, jasaten ari den isolamendu erregimena salatzeko. Gobernuari eta Espetxe Administrazioari aldaketa gauzatzeko eskatzen diete manifestariek.

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiako ordena indarrek 40 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte, larunbat gauean Erromako Trastevere auzoa geldiarazi zuten protesta bortitzen ostean. Manifestari talde bat Alfredo Cospito buruzagi anarkistaren alde atera zen, 100 egun baino baitaramatza gose greban.

Tokiko prentsaren arabera, Erromako manifestariak hainbat aldiz saiatu ziren polizia kordoiak bortxatzen, eta lorontziak eta kalean aparkatutako ibilgailuak kaltetu zituzten.

Alfredo Cospito lider anarkista italiarraren osasun egoerak okerrera egin du, 2006an biktimarik gabeko atentatu bat egiteagatik 20 urteko zigorra betetzen ari denean.

Aste honetan, Mauro Palma askatasunaz gabetutako pertsonen bermatzaile nazionalak adierazi du bere egoera "larria" dela eta "premiaz" eraman behar zutela zentro mediko batera Sassariko espetxetik (Sardinia). 102 egun egin ditu bertan protestan, jasaten ari den isolamendu erregimena salatzeko.

Joan den astean bisita egin zion ordezkaritza baten arabera, 55 urteko Cospitok 40 kilo galdu ditu protesta hasi zuenetik; "jateari utzi dio, odolean elektrolitoak falta zaizkio, eta jaisten badira, edozein unetan, bizi organoetan desoreka sor daiteke", baina "buruargi dago, eta aurrera egiteko oso prest".

Konstituzio Zuzenbideko katedradunek, unibertsitateko irakasleek, filosofoek, fiskal ohiek eta magistratu ohiek, besteak beste, Justizia Ministerioari, Gobernuari eta Espetxe Administrazioari "Alfredo Cospitoren bizia salbatzeko" eskaera egin zieten joan den asteazkenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen ari da munduan? Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Italia Protestak gaur