Mundua -
Eliza katolikoa
4.800 umek baino gehiagok pairatu zituzten apaizen abusuak Portugalen, auzia ikertu duen batzordearen arabera
Biktima gehienak mutilak dira, batez beste 11 urtekoak, eta behin baino gehiagotan jasan zituzten abusuak. 25 salaketa baino ez dituzte utzi Justiziaren esku, delitu ia denak preskribatuta baitaude.
Agentziak | EITB Media
Haurrak zirela, apaizek egindako sexu abusuen biktima izan ziren 512 pertsonaren testigantzak bildu ditu Portugalgo Eliza Katolikoaren barruan izandako sexu abusuak ikertzeko batzorde independenteak. Baina, testigantza horiez harago, biktima kopurua askoz handiagoa dela iritzi dio, eta guztira, 4.800 baino gehiago izan daitezkeela nabarmendu du gaur Pedro Strecht batzorde horretako koordinatzaile eta psikologoak.
"Ezin dugu zehaztu zenbat eraso izan ziren", aitortu du Strechtek, eta erantsi "biktima gehienek behin baino gehiagotan" pairatu zituztela abusuak. Strechtek azken 70 urteotan izandako kasuen txostena aurkeztu du prentsaurrekoan.
Delitu gehienak preskribatuta daude, eta hala, 25 salaketa baino ezin izan dira justiziaren esku utzi. Batzordeak aurreratu duenez, oraindik jardunean dauden pederasten zerrenda prestatzen ari da.
Erasotzaile gehienak (% 96) gizonezkoak dira, eta 10etik 7, apaizak. Abusuak seminario, harrera zentro, eskola eta kirol instalazioetan jazo ziren.
Biktimen batez besteko adina 11 urtekoa zen, eta gaur egun 50 bat urte dituzte. Herrialde osoan gertatu ziren abusuak, baina bereziki Lisboa hiriburuan eta Porto eta Braga hirietan jazo ziren.
Biktimei arreta psikologikoa emateko eta delituak 30 urtean ez preskribatzeko eskatu du batzordeak, beste neurri batzuen artean.
"Testigantzak oso gogorrak dira. Balio behar dute isiltasuna, lotsa, beldurra eta errua lege izan dituen gau luze honi amaiera emateko", nabarmendu du Strechtek txostena aurkezteko prentsaurrekoan. Agerraldian, Portugalgo Eliza katolikoaren arduradun nagusiak izan dira, hala nola Manuel Clemente Lisboako kardinala eta Jose Ornelas Leiria-Fatima eskualdeko artzapezpikua.
Portugalgo Gotzainen Konferentziak sortu zuen batzordea, 2021eko amaieran, eta sei adituk osatzen dute: koordinatzaile lanak egiten dituen Strecht haurren psikologoak, hainbat psikiatrak, Justizia ministro ohi batek eta zinemagile batek.