Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Sanchezek iragarri du 10 Leopard tanke igorriko dituztela Ukrainara, aurreikusitakoak baino lau gehiago

Bestalde, agintariak azaldu du "aztertu" egingo dutela hegazkinak ere bidaltzea, Zelenskik eskatu bezala. Hori bai, NATOko beste herrialdeekin koordinatuta.

Pedro Sanchez Kievera iritsi den unea. Argazkia: EFE.
Pedro Sanchez Kievera iritsi den unea. Argazkia: EFE.
Pedro Sanchez Kievera iritsi den unea. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak baieztatu du 10 Leopard tanke bidaliko dituztela Ukrainara, hau da, aurreikusitakoak baino lau gehiago.

Ukrainan dago Sanchez, eta Volodimir Zelenski presidentearekin bildu da. Batzar horren ostean egindako agerraldiak, agintariak azaldu du "sei Leopard 2 A4" igorriko dituztela orain, baina gaineratu du "hurrengo asteetan edo hilabeteetan" beste lau ere bidaliko dituztela. 10 guztira, horrenbestez.

Era berean, Sanchezek gogorarazi du Espainiak prestakuntza emango diela ukrainar soldaduei ibilgailu militar horiek erabiltzen jakin dezaten. Horren esanetan, lehen militar ukrainarrak jada daude Espainian.

Zelenskik hegazkin militarrak bidaltzea eskatu duela eta, Sanchezek nabarmendu du "ikertu" egingo dutela aukera hori NATOko herrialdeekin koordinatuta.

Bisita Butxan eta Irpinen

Zelenskirekin bildu baino lehen, gerrak Butxa eta Irpin herrietan (Kiev kanpoaldea) utzitako aztarnak bisitatu ditu Sanchezek gaur.

Han zela, Sanchezek bi herri horietako agintariei esan die "Espainia osoa Ukrainarekin dago", eta "Errusiak ez du duela urtebete hasitako gerra irabaziko".

"Butxak eta Irpinek Putinen sarraskiaren orbaina erakusten dute. Errusiak ez du gerra hau irabaziko", idatzi du Sanchezek Twitterren. Errusia Ukrainan indarrez sartu zenean, bi herri horiek izan zituen lehenengo asteetan jopuntuan. Berriro ere ukrainarren esku geratu zirenean, ehunka zibilen hilketak azaleratu ziren.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Volodimir Zelenski presidente ukrainarrarekin bildu da gaur Kieven, Errusiaren inbasioaren urteurrena dela eta. Sanchez goizeko lehen orduan iritsi da Kievera, Ukrainari Espainiaren babesa helarazteko. Bileraren ondotik, Sanchezek eta Zelenskik agerraldia egingo dute.

Ukrainara egin duen bigarren bisita da, iazko apirilaren 21ean bertan izan baitzen. Espainiako Gobernuko presidentea aste honetan Kieven izango den atzerriko hirugarren agintaria da, Joe Biden AEBko presidentea eta Giorgia Meloni Italiako gobernuburua Kieven izan baitira astelehenean eta asteartean, hurrenez hurren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak Ukraina albisteak Espainiako Gobernua Pedro Sánchez albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Errusia-Ukraina gerra gaur Zelenski albisteak