Mundua -

Eliza katolikoa

Frantzisko aita santuak 10 urte egin ditu agintean

Latinoamerikako lehena eta aurreneko jesuita ere izan da. Hamarkada honetan eliza katolikoa modernoagoa eta gardenago egiten saiatu da. Aita santu globalizatua deitu izan diote Bergogliori, 59 herrialde bisitatu baititu.

Frantzisko aita santua, fededunak agurtzen Vatikanoko bere leihotik. Argazkia: EFE
Frantzisko aita santua,  fededunak agurtzen Vatikanoko bere leihotik.
Frantzisko 10 urte bete ditu gaur aitasantutzan

0:43

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzisko aita santuak 10 urte egin ditu gaur eliza katolikoaren buru. Jorge Mario Bergoglio Latinoamerikako lehen aita santua izan da, baita aurreneko jesuita ere. 86 urte bete berritan, eta ageriko mugikortasun arazoak izan arren, ez du epe laburrera karguari uko egiteko asmorik. Aitortu duenez, nekeak "behartuta" emango du dimisioa. 

Benedikto XVI.ak kargua uztearekin batera hasi zen bere agintaldia, eta eliza katolikoaren historian lehen aldiz, 11 urtez aita santua eta aita santu emeritua, biak, bizirik egon dira, Joseph Ratzingerren heriotzera arte. 

Estilo eta izaera soilekoa, Egoitza Santua erreformatzeko ahaleginak egin ditu 10 urteotan, modernoagoa, gardenagoa eta eraginkorragoa izateko. Agintaldia hasi eta berehala egin zuen lehen keinua: bere aurreneko bidaia Lampedusa uhartera (Sizilia) egin zuen, milaka migratzaileentzat Europako atea den horretara. 2013ko uztailaren 8 hartan, munduari bira egin zuen bere "lotsa"ren oihuak. 

Beste bidaia batek, 2018ko urtarrilean Txilera egindakoak, mugarria ezarri zuen bere Aita Santutzaren lehen urte horietan. Herrialdeko gehiengo batek estu hartu zuen, Juan Barros artzapezpiku txiletarraren alde egindako hitzengatik —adingabeei egindako abusuak estaltzea egotzi diote Barrosi—.

Gerora, baina, jarrera horrengatik barkamena eskatu behar izan zuen Frantziskok. Abusuen inguruko ikerketa historikoa ere abiatu zuen, eta 2018ko apirilean, Barrosi buruzko "iritzian hanka-sartze larriak" egin izana aitortu zuen. Fernando Karadima apaiz pederastaren biktimekin bildu zen, eta Txileko artzapezpikuak bildu zituen hura kargutik kentzeko. 

Abusuen auzian jarrera irmoagoa erakusteko asmoz, pederastiaren kontrako goi bilera antolatu zuen 2019ko otsailean. Biktimen elkarteen arabera, 50.000 eta 100.000 biktima artean egon liteke. 

Aita santu globalizatua ere izendatu izan dute Frantzisko. Izan ere, 10 urteotan 59 herrialde bisitatu ditu, tartean gutxiengo katolikoko hainbat: Egipto edo Arabiar Emirerriak. Herrialde urrunetan ere egona da, hala nola, Myanmar edo Bangladesh. 

Gogoangarrien artean dago, esaterako, Irakera 2021eko martxoan egindako bidaia. Mosulgo hiriko hondakinen artean, Al Nuri meskatik metro eskasetara, otoitz egiten ikusi genuen han. 

Gerrak eta gatazkak saihesteko ahaleginak ere egin ditu. 2019ko apirilaren 12an egindako keinua da horien artean aipagarri: Hego Sudango buruzagien oinak musukatu zituen, euren arteko gatazka baretu eta bake prozesua sustatu nahian. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Aita santua Frantziskoren biografia Eguneko albisteak Albisteak Italia Sexu abusuak Eliza Katolikoan Eliza Katolikoa