Mundua -

Erresuma Batua

BBCren presidenteak dimisioa eman du Boris Johnsoni mailegu bat lortzen lagundu ziola argitaratu ostean

Txosten independente batek ondorioztatu duenez, Richard Sharpek ez zuen balizko interes gatazka horren berri eman lehen ministro britainiarrak kargurako proposatu zuenean, eta, hortaz, kargu publikoak izendatzeko arauak urratu zituen.

Johnsoni mailegu bat lortzen lagundu zion Sharpek, txostenaren arabera. EFE
Boris Johnson.
Johnsoni mailegu bat lortzen lagundu zion Sharpek, txostenaren arabera. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Richard Sharp BBCko presidenteak dimisioa eman du gaur, txosten independente batek Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroari mailegu bat lortzen lagundu ziola azalarazi eta gero. Txostenaren arabera, Sharpek kargu publikoak izendatzeko kodea urratu zuen, ez baitzuen balizko interes gatazka horren berri eman Johnsonek kargurako proposatu zuenean. 

Ohar baten bidez azaldu duenez, "korporazioak egiten duen lan onari kalte egin diezaiolakoan, katearen interesak lehenestea erabaki dut". 

Sharp Johnsonen aholkulari izan zen da buruzagi kontserbadorea Londresko alkate izan zen garaian, eta Goldman Sachs banketxeko zuzendaritzan egon zen urte luzez. 2021eko otsailean izendatu zuten BBCko buru. Urtarriletik susmopean zegoen, The Sunday Times astekariak zabaldutako informazioa tarteko. Horren arabera, Johnsoni 800.000 liberako (900.000 euro) mailegu bat lortzen lagundu zion, baina ez zuen jakinarazi. 

Salaketa horren ostean, auzia ikertzeari ekin zion kargu publikoak izendatzeko erakundeak, eta txosten independentea egiteko eskatu Adam Heppinstall abokatuari. Gaur kaleratu duen txostenak ondorioztatu duenez, Gobernuaren kodea urratu zuen interes gatazka horren berri ez emateagatik. 

Gertakariak 2020. urtearen amaieran jazo ziren, Sharp Ekonomia Ministerioan aholkulari zenean. Bankari ohiak Simon Case funtzionarioen burua eta Kanadako milioidun bat jarri zituen harremanetan Johnsonek behar zuen mailegu bati buruz hitz egin zezaten. 

The Sunday Timesek albistea atera zuenean, Parlamentuko batzorde batean agerraldia egin behar izan zuen Sharpek. Orduan esan zuenez, aholkularitza hura "oharkabean" pasatu zitzaion Johnsonek kargurako proposatu zuenean. 

Honakoa ez da izan BBCko presidenteak bere agintaldian (2025era arte egon behar zuen) izan duen polemika bakarra. Martxoan ere kolokan egon zen Gary Lineker aurkezle izarra kaleratu ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Londres Boris Johnson