Mundua -

Gerra Ukrainan

Zelenskik atzera egin eta azpimarratu du "ez duela uste" Errusiako Armadak Bakhtmut hartu duenik

Hiriaren garrantzi estrategikoa gutxietsi du Ukrainako presidenteak, esanez ez dela "ezer geratzen", eta eraikin guztiak "suntsitu" dituztela. Bestalde, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Armada eta mertzenarioak zoriondu ditu.

Zelenski, artxiboko irudi batean. Argazkia: REUTERS
Zelenski, artxiboko irudi batean. Argazkia: REUTERS
Zelenski, artxiboko irudi batean. Argazkia: REUTERS

AGENTZIA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak igande honetan adierazi duenez, Bakhmut ez dago dagoeneko Ukrainaren esku, baina bere hitzak ez dira argiak izan, eta hiriaren garrantzi estrategikoa gutxietsi du, esanez, ez dela "ezer geratzen", eta eraikin guztiak "suntsitu" dituztela. Hala ere, adierazpenak egin eta gutxira, presidentearen bozeramaileak azaldu du Zelenskik esan nahi zuena zela errusiarrek ez zutela hiria kontrolpean.

G7a Hiroshiman bilduta dago, eta Joe Biden AEBko presidentearekin egindako aparteko bilera batean, Japonian, egin ditu Zelenskik adierazpen horiek, kazetarien galderei erantzunda. "Ez dut uste Bakhmut Ukrainaren esku oraindik dagoenik", esan du. "Ulertu behar duzuna da", zuzendu zaio kazetariari, "ezer ez dagoela, eraikin guztiak bota dituztela. Momentuz, Bakhmut bakarrik existitzen da gure bihotzetan. Ez dago ezer. Beno, hilik dauden soldadu errusiar asko, baina haiek gure kontra egin zuten".

Bakhmuteko hirian zortzi hilabetez borrokatu zuten Ukrainako soldaduei eskerrak eman dizkie Zelenskik. Donetsk eskualdeko hiriburutik 55 kilometrora dago Bakhmut eta, gerra aurretik, 80.000 biztanle zituen.

Bestalde, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Errusiako Armada eta Wagner taldea osatzen duten mertzenarioak zoriondu ditu, Bakhmut menderatzeagatik, eta "nabarmendu" diren soldaduei dominak emango dizkietela iragarri du. Errusiako Defentsa Ministerioak ere ofizialki jakitera eman du Bakhmut hiria hartu dutela.

Yevgeni Prigozhin Wagner taldeko buruak Bakhmut hiria kontrolpean zutela iragarri zuen larunbat honetan, baina informazio hori ezeztatu zuen berehala Ukrainako Armadak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski