Mundua -

erresuma batua

Johnsonek nahita esan zuen gezurra Parlamentuan, 'Partygate' auzia ikertu duen batzordearen arabera

Lehen ministro ohiak Parlamentuan emandako bertsioak aztertu ditu batzordeak, eta ondorioztatu du, egia ez esateaz gain, berariaz ibili zela gezurretan. Johsonen arabera, "txostenean esandakoak zaborra dira, gezurra".

Johnson, Downing Streeteko 10.ean, dimititu zuen egunean. Artxiboko argazkia: EFE
Johnson, Downing Streeteko 10.ean, dimititu zuen egunean.
Johnson, Downing Streeteko 10.ean, dimititu zuen egunean. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pandemia betean, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministro ohiak Downing Streeten antolatutako legez kanpoko festak —Partygate izenez ezagutzen da auzia— ikertzen ibili den batzorde parlamentarioak ondorioztatu duenez, buruzagi kontserbadoreak gezurra esan zion Ganberari horren inguruan hitz egin zuenean; "nahita", gainera.  

Eskandaluaren nondik norakoak ikertzeko batzordea 2022ko ekainetik ari da auzia argitu nahian. Poliziak berak egindako hainbat txostenek zein Gobernuak aditu independenteei eskatutako beste batzuek argi utzi zuten Johnsonek eta bere lantaldeak legea urratu zutela. 

Ezagutu berri den azken txostena egteko, Johnsonek Ganberan egindako adierazpenak aztertu dituzte, modu inkontzientean bazen ere gezurretan ari ote zen argitu nahian. Bada Harriet Harman diputatu laboristak buru izan duen batzordeak ondorioztatu duenez, Johnsonek gezurrak esan zituen, "berariaz".  

Ondoriook kontuan hartuta, diputatu akta hiru hilabetez kentzeko proposatu du batzordeak. Dena dela, berandu heldu dira emaitzok, badirelako egun batzuk Johnsonek kargua utzi zuela (ostiralean dimititu zuen, txostenaren zirriborroa ezagutu eta gutxira). Orduan ere, gogor egin zuen politikariak batzordearen kontra, eta Ganberatik kanporatu nahian dabiltzala salatu. 

Horren kontura, batzordeak orain nabarmendu du Johnsonek "larderiaz" jokatu zuela bere burua defendatzean. 

Johnson: "Zaborra da, gezurra"

Txostena ezagutu eta ia berehala heldu da buruzagi kontserbadore izandakoaren erreakzioa. Horren ustez, txostena "zaborra" da, eta "egun ikaragarria da gaurkoa demokraziarentzat". 

"Batzordeak dio nahita esan niola gezurra Ganberari, eta banekiela egin nuen hori legez kanpo zegoela, eta berariaz ezkutatu nuela. Zaborra da, gezurra. Ondorio zoro hori ateratzeko gauza absurdoak eta kontraesankorrak esan behar izan ditu batzordeak", adierazi du ohar batean. 

Horren ustez, "egun ikaragarria da gaurkoa diputatuentzat eta demokraziarentzat. Ezein diputatu ez dago mendekutik libre".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Ingalaterra Boris Johnson Rishi Sunak