Mundua -

FRANTZIA

150 bat pertsona atxilotu dituzte Frantzian, Poliziak tiroz hildako gaztearen heriotza salatzeko protestetan

Paris inguruan bakarrik ez, Tolosa eta Lille hiriburuetako barrutietan ere izan dira protestak bart. Egoeraren aurrean, Emmanuel Macron presidenteak Barne Ministerioaren premiazko bilera deitu du gaur eguerdirako.

Nanterre (Frantzia), bart. Argazkia: EFE
Nanterre, bart.
Bart ere istilu larriak izan dira Frantzian, Poliziak 17 urteko gazte beltz bat tiroz hil ostean

0:39

AGENCIAS | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 150 pertsona atxilotu dituzte bart Frantziako hainbat lekutan izan diren protestetan. Herenegun, Jendarmeriak 17 urteko mutil bat hil zuen tiroz polizia-kontrol batean Nanterren, eta horrek eragin ditu istiluak, bigarren egunez jarraian.

Paris inguruan ez ezik, Tolosa eta Lille hiriburuetako barrutietara ere zabaldu dira protestak, eta hainbat ordu iraun dute. Gaurko, besteak beste, gaztearen amak deitu du elkarretaratzea, 14:00etan Nanterreko Prefeturaren atarian. Sare sozialen bidez zabaldutako mezu batean, bere semearen aldeko "martxa zuria" eta "matxinada" egitera deitu ditu herritarrak.

Bien bitartean, Le Figaro egunkariak argitaratu duenez, protesta hauekin lotuta, Fresnesko espetxean ihesaldi saiakera bat izan da bart. Dozenaka kaputxadun sartu omen dira kartzelan, presoei ihes egiten laguntzera, baina ez dute lortu.

Astearte goizean hil zuten 17 urteko gaztea, polizia-kontrol batean, eta ustezko hiltzailea atxilotu egin zuten. Horren hitzetan, gaztea bere autoarekin jendarmeak harrapatzen ahalegindu zen, eta horregatik egin zion tiro. Zabaldu den bideo batek baina, bertan behera utzi du bertsio hori.

Krisi kabinetea

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak elkartasuna adierazi zion atzo hildako mutilaren familiari, eta lasaitasunerako deia egin zien herritarrei. Gertatutakoa justifikatzeko arrazoirik ez dagoela nabarmendu zuen.

Protestak areagotzen ari direla ikusita, Barne Ministerioaren krisi kabinetearen bilera deitu du gaur eguerdirako Macronek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Paris Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Protestak gaur Emmanuel Macron Frantziako Gobernua