Mundua -

Ukrainako Gerra

Ukrainari “behar besteko denboran” babesa emango dio Sanchezek, eta herrialdea EBn sartzearen alde agertu da

Espainiako Gobernuko presidentearen arabera, Estatuak 55 milioi euro bideratuko ditu Ukrainako enpresa txiki eta ertainak finantzatzeko, ikastetxeak garatzeko eta Errusiak gauzatutako inbasioan suntsitutako azpiegiturak berreraikitzeko.

Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko presidentea, Ukrainako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko presidentea, Ukrainako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko presidentea, Ukrainako Parlamentuan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainari "behar bestekoa den denboran" babesa emango diola adierazi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak larunbat honetan, "ordaindu beharreko prezioa kontuan hartu gabe", herrialdea lehenbailehen "aske" izan dadin, eta "Europak osatzen duen familiako kide gisa bere patua" erabakitzeko aukera izan dezan.  Espainiako Gobernuko presidentea, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin bildu da larunbat honetan, Kieven.

Testuinguru horretan, Espainiar Estatuak 55 milioi euro bideratuko ditu Ukrainako enpresa txiki eta ertainak finantzatzeko, ikastetxeak garatzeko eta Errusiak gauzatutako inbasioan suntsitutako azpiegiturak berreraikitzeko. Sanchezek azpimarratu duenez, "Ukraina oso prezio altua ordaintzen ari da, herrialde osoko hiriak eta azpiegitura garrantzitsuak suntsitzeari dagokienez". 

Zehazki, Estatuak 51 milioi euro jarriko ditu, Munduko Bankuaren Taldearen bidez, enpresa txiki eta ertainak finantzatzeko, eta lau milioi euro NBEren Garapenerako Programarako, Ukrainako eskolei energia-sistema ekologikoak eta iraunkorrak emateko.

Gauzak horrela, Espainiak behar besteko bitartekoak emango dituela ziurtatu du Sanchezek; hala nola Leopard borroka tanke gehiago, tropak garraiatzeko ibilgailu blindatuak edo gaitasun kirurgikoa duen kanpaina-ospitale bat. Ohartarazi duenez, denbora eta inbertsioak beharko dira sektore askotan Ukraina berreraikitzeko.

"Ukrainako azpiegiturak eta ekoizpen-sektoreak egokitzeko eta modernizatzeko beharrezkoak diren inbertsioak finantzatuko ditu Espainiako Gobernuak", adierazi du Sanchezek Ukrainako Parlamentuan.

Pedro Sanchez eta Volodimir Zelenski. Argazkia: EFE

Hala adierazi du Sanchezek, Ukrainako Parlamentuaren osoko bilkuran. Bere arabera, Ukrainak bakarrik finka ditzake "bake negoziazioen baldintzak eta denborak". Hala adierazi du Europar Batasuneko Kontseiluaren Espainiako Presidentetzaren lehen egunean.

"Errusiak Ukrainari egindako legez kanpoko eta justifikaziorik gabeko erasoaren testuinguruan", Sanchezek eskerrak eman dizkie "bake justu eta iraunkorra" proposatzen ari diren herrialde eta eskualdeei, baina proposamen horiek ezin direla onartu azpimarratu du, "erasotzaile batek biktima batekiko burutu duen eraso-gerra" delako.

Hala, Errusiari zein Ukrainari ezin zaiela tratu bera eman nabarmendu du, eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen "bake proposamena" babestu du, "nazioarteko zuzenbidea eta Nazio Batuen Gutuna errespetatzen dituelako".

180.000 errefuxiatu ukrainar hartu izana eskertu du Zelenskik

Bestalde, Zelenskik eskerrak eman dizkio Espainiari gerraren ondorioz 180.000 errefuxiatu ukrainar hartu dituelako, eta Espainiaren laguntza militarra nabarmendu du. Era berean, Sanchezekin Kieven izandako topaketa "oso sinbolikoa" dela nabarmendu du.

Horrez gain, Espainian antolatzen diren kirol-lehiaketetan Errusiako eta Bielorrusiako kirolariak onartzeari uko egin izana txalotu egin du buruzagi ukrainarrak, baita Espainiak Ukraina NATOn eta EBn sartzeari eman dion babesa ere. "Defentsaren bermeez ari gara, bakean bizi ahal izateaz", azpimarratu du Zelenskik.

Halaber, F-16 motatako hegazkinak izatearen garrantzia ere aipatu du; izan ere, Ukrainak oraindik ez ditu borrokarako erabili ohi diren hegazkin horiek, baina herrialde batzuetan pilotu ukrainarrak trebatzen ari dira horiek erabiltzeko.

Bestalde, gerra-krimenen eta gerrarekin lotutako beste delitu batzuen erantzuleak justiziaren aurrera eramateko eta "mekanismo judizial egokia" ezartzeko "konpromiso irmoa" nabarmendu dute bi herrialdeek, adostutako ohar batean.

Kievek eta Madrilek beste herrialde batzuekin elkarlanean jarraituko dute, "errusiarren erasoak" eragindako galerak, lesioak eta kalteak konpentsatzeko mekanismoak ezartzeko.

Pedro Sanchez eta Volodimir Zelenski. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Ukraina Errusia Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski