Mundua -

Erasoaldia Zisjordanian

Israelgo Armadak 10 palestinar hil, 80 zauritu eta beste 70 atxilotu ditu Jeningo operazioan

Zaurituetako 20 egoera kritikoan daude. Operazioan hainbat bonbardaketa egin dituzte hainbat puntutan. Erasoen aurrean, ihesaldiari ekin diete milaka zibil.

Yeningo errefuxiatu-esparrua Israelen erasoaldian zehar. Argazkia: EFE
Yeningo errefuxiatu-esparrua Israelen erasoaldian zehar. Argazkia: EFE
11 palestinar hil ditu Israelgo armadak Jeninen, 2 eguneko operazio militarrean

1:38

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Armadak gutxienez 10 palestinar hil eta 100 baino gehiago zauritu ditu, horietako 20 egoera kritikoan daude, Palestinako Osasun Ministerioaren balantze ofizialaren arabera. Armadak astelehen goizaldean abiatu zuen Jeninen kontrako operazioa. Azken 20 urteotan, Bigarren Intifadaz geroztik (2002-2005), Israelek Zisjordaniako hiri horretan egindako operazio bortitzena da. Gainera, beste 70 palestinar atxilotu dituzte.

Erasoaldia dela eta, milaka zibil Zisjordaniako hiri horretatik ihes egiteari ekin diete, Palestinako Ilargi Gorriak jakinarazi duenez. Hainbat eta hainbat Zisjordaniako beste leku batzuetara joan dira, eta meskita, eskola eta osasun zentroetan hartu dute aterpe. Iturri palestinarren arabera, 19.000 eta 39.000 pertsona artean bizi ziren 500 metro koadro eskasean.  Jeningo Udalaren arabera, ur eta argindar hornidura eten dute. 

"Ez da Palestinako Aginte Nazionalaren aurkako operazioa"

Israelgo indarrek Twitterren iragarri dutenez, Israelgo soldaduak "azpiegitura terrorista bati erasotzen" ari dira Jeninen, "hiri osoan eta Jeningo errefuxiatu-esparruan terrorismoari aurre egiteko".

Israelgo indarrek adierazi dutenez, mila bat soldaduk Jihad Islamikoaren kuartel nagusi bati eraso egin diote, eta behaketa-postu, "terrorista armatuen" biltoki, armak eta lehergaiak pilatzen ziren leku eta azken hilabeteetan erasoak egin dituzten susmagarrientzako babesleku gisa ere erabili dutelako.

Operazioan, meskita bat hartu dute Jeningo erdigunean, eta armak eta lehergaiak aurkitu dituzte lurpeko bi biltegitan. Miliziano batzuk tenpluan gotortuta zeuden, baina tiroketa gogor baten ondoren, israeldarrak sartzea lortu dute.

"Ez gara etorri errefuxiatu-eremua okupatzera. Ez da Palestinako Aginte Nazionalaren aurkako operazioa, Jeningo talde terroristen aurkakoa baizik", adierazi du Daniel Hagari Israelgo Armadako bozeramaileak. Operazioa "egun batean edo bitan" amai liteke, helburuak lortu direnean, erantsi du Hagarik.

Israelgo Gobernuko iturriek azpimarratu dutenez, "operazio zabal honen helburua Jeninek terrorismoaren santutegi gisa duen papera amaitzea da".

Milicianos palestinos hacen frente al ataque isralí en las calles de Yenín. Foto: EFE

Milicianos palestinos hacen frente al ataque isralí en las calles de Yenín. Foto: EFE

Bestalde, Jihad Islamikoak baieztatu egin du Jenin Batailoiaren aurkako erasoa, eta azpimarratu du erasoak ez dituela "helburuak lortuko" eta "Jeninek irmotasunaren ikur izaten jarraituko duela".

Era berean, Gazako Zerrendako erresistentzia palestinarraren fakzio ezberdinak bilera batean daudela jakinarazi du, "Jeninen aurkako eraso basatiaren jarraipena egiteko", eta inbasioa ez dutela onartuko ziurtatu du.

Gainera, Ismail Haniya Hamaseko buruzagiak adierazi duenez, "Jeningo lurraldean isuritako odolak norabide guztien hurrengo etaparen izaera zehaztuko du", eta zisjordaniarrei dei egin die Jeninen alde egin dezaten eta bere herria defenda dezaten.

Era berean, Al-Fatah mugimendu palestinarrak adierazi duenez, "Israelen okupazioak Jeningo kanpamenduaren aurka egindako eraso basatiak" ez die palestinarrei "herriaren eskubideak defendatzen jarraitzetik kenduko, askatasuna eta independentzia lortu arte".

Tentsioek gora egin dute bereziki ekainaren 19tik, Israelgo Armadak Jeninen egindako sarekada batean zazpi palestinar hil (bi adingabe barne) eta 90 zauritu baino gehiago izan baitziren. Handik egun batera, lau israeldar hil ziren Eliko kokalekutik gertu izandako eraso batean.

Testuinguru horretan, ehunka kolonok erasoak egin zituzten Zisjordaniako herrien aurka, eta palestinar bat hil zuten; Israelgo Armadak, berriz, hiru palestinar hil zituen (Jihad Islamikoko eta Al-Fatahren beso armatuko kideak) dronez egindako eraso batean, Jenindik gertu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean? Netanyahu, Israelgo lehen ministroa