Mundua -
Migrazioa
Open Armsek 300 migratzaile erreskatatu ditu egun batean Mediterranioan, eta Brindisin lehorreratuko ditu
Arduradunik gabeko adingabe asko daude erreskatatuen artean, eta baita bi emakume haurdun eta 5 urteko haur bat ere. Igande arratsaldean iritsiko da portura.
agentziak | eitb media
Open Arms Gobernuz Kanpoko Erakundearen itsasontziak 300 migratzaile erreskatatu ditu azken 24 orduetan egindako zenbait operaziotan, Mediterranio itsasoan, eta orain Brindisiko portura bidean da, Italiako agintariek bertan lehorreratzeko baimena eman baitiote.
"Italiako agintariek koordinatutako operazioen egun gogor baten ostean, Open Arms Brindisira bidean doa, eta igande arratsaldean iristea espero du", jakinarazi du GKEak gaur sare sozialetan.
Open Armsen arabera, "300 pertsona doaz barruan, asko arduradunik gabeko adingabeak, bi emakume haurdun eta bost urteko haur bat".
GKEaren 101. misioko erreskate egun gogorrenetako bat izan da, ordu gutxiren buruan sei txalupa erreskatatu behar izan dituzte eta.
Ostegun goizean atzeman zuten lehenengo txalupa, egurrezkoa eta noraezean zihoana, 100 inguru bidaiarirekin, tartean bederatzi emakume eta arduradunik gabeko 15 adingabe.
GKEaren esanetan, Libiatik abiatu zen ontzia duela hiru egun, eta migratzaileak Eritreakoak, Sudangoak, Siriakoak eta Etiopiakoak dira.
Ondoren, oso egoera txarrean zegoen beste itsasontzi bat erreskatatu zuen, eta barruan osasun arazoak zituen emakume bat zihoan.
Italiako Barne Ministerioak uztailaren 5ean argitaratutako balantzearen arabera, 66.741 migratzaile iritsi dira aurten kostara, eta iaz 29.670 ziren epe berean.