Mundua -
AEB
Egotzi dizkioten karguak "barregarritzat" jo ditu Trumpek Pensilvaniako mitin batean
Etxe Zurira berriro iritsiz gero, Joe Biden egungo presidenteak eta Hunter haren semeak errepresaliak jasoko dituztela hitzeman du AEBko presidente ohiak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
2024ko AEBko presidente-hauteskundeetarako funtsezkoa den Pensilvaniako estatuan mitina eskaini du larunbat honetan Donald Trump AEBko presidente ohiak (2017-2021), eta egotzi dizkioten kargu judizialen gainean iseka egin du Trumpek, "barregarriak" direla esanez.
Trump ikertzen ari den Jack Smith fiskal bereziak hiru kargu berri inputatu zizkion joan den ostegunean. Ekainean, Trump inputatu zuten Floridan, zazpi kargu federal egotzita, dokumentu sailkatuei buruzko ikerketa baten baitan.
"Pandorako kutxa ireki dute kargu barregarri horiek egotzita", ohartarazi du Trumpek. 2024ko presidentetza hauteskundeetarako errepublikanoen presidentegai izateko faborito izaten jarraitzen du, eta egungo presidente den Joe Bidenen aurka lehiatuko litzateke.
Frogarik aurkeztu gabe, leporatu dizkioten karguak arrazoi politikoetan oinarrituta daudela argudiatu du berriro ere eta, Etxe Zurira berriro iritsiz gero, Joe Biden egungo presidenteak eta Hunter haren semeak errepresaliak jasoko dituztela hitzeman du.
Inputatu duten AEBko lehen presidente ohia da Donald Trump.