AEB-ko Hauteskundeak -
AEB-ETAKO HAUTESKUNDEAK
Romneyk kanpaina egin du Israelen
Errepublikanoa Israelgo lehen ministroarekin bildu da, hiru herrialdetan zehar egiten ari den biran geldialdia eginda. Kanpo politikan bere lehentasunak zein diren erakusten ari da Romney bidaian.
Erredakzioa
Londresen Olinpiar Jokoen antolaketa eta segurtasuna zalantzan jarri eta gero, Romneyk, AEBetako Alderdi Errepublikanoaren presidentegaiak, Israel bisitatu du. Hiru herrialdeetan zehar (Erresuma Batua, Israel eta Polonia) egiten ari den biraren geltokietako bat da, eta herrialde horiek hautatuta kanpo politikan zein lehentasun dituen iradoki du Romneyk.
Israeleko geldialdian, Romneyk audientzia juduarentzat hitzaldi bat eman zuen. Horretan, Israelgo hiriburua Jerusalem dela adierazi zuen, nazioarteak oro har, halakorik onartzen ez duen arren.
Romneyk herrialdeen arteko erlazioa laudatu zuen: "Helburu berberaren alde borrokatzen gara eta etsai berberak ditugu. Israelgo segurtasuna AEBetako nazio segurtasunaren interesa da", adierazi zuen errepublikanoak.
Iran eta horren programa nuklearra hartu zuten eztabaidagai agintari israeldarrekin egindako bileretan. "Onartezina da Iran arma nuklearrak dituen herrialde bat bihurtzea. Israelentzat, herrialdearentzat eta munduarentzat izango litzatekeen mehatxua onartezina da eta ez du parekorik", kritikatu zuen Romneyk.
AEBetako egungo presidenteak Israelgo estatuarekin erakusten duen distantzia diplomatikoak herrialdeari kalte egiten diola adierazi zuen. Izan ere, Barack Obamak oraindik ez du Israel bisitatu.
Hauteskunde kanpainarako dirua biltzera eta komunitate juduaren botoa lortzera bideratuta dago bidaia. AEBetako komunitate judua ez da oso handia, baina Alderdi Demokrataren alde egin ohi du hauteskundeetan eta funtsezkoa suerta liteke Floridako estatuan.
Errepublikanoaren bira Polonian amaituko da. AEBek Europan misilen aurka sortu nahi duten ezkutua garatu ahal izateko funtsezkoa da herrialdea.